ELKARRIZKETA. «Ideiarik ere ez genuen zer zen, baina egingo genuela esan genien»
Gillermo Zubizarreta (Segura, 1960) Aratz mendiaren gailurrean egoten da boluntario lanean.
25 urte daramatzazu boluntario lanetan. Zergatik erabaki zenuen izena ematea?
Mendia gustatzen zait, kirola ere bai, eta herrian egiten diren ekintzetan parte hartu beharra dago, bestela herri txiki hauetan ez dago zereginik. Mendian nenbilen batean, Albertok eta esan zidaten zer egiteko asmotan zebiltzan, maratoi bat, mendikoa… guk ideiarik ere ez genuen zer zen hori. Egingo genuela esan genien. Handik denbora batera esplikatu ziguten zer zen, eta gu Aratzeko puntan jarri gintuzten, denbora kontrolean. Lehenengo nahiko itxuroso egin genuen eta animatu egiten du.
Beti lan berdina egin izan duzue? Zein da zuen egitekoa?
Bai. Ostegunean eta ostiralean zirkulazioarekin ere aritzen naiz orain herrian. Ni Seguran jaioa naiz, Zegamara ezkondu nintzen eta nire Segurako kuadrilla guztia egoten gara Aratzen, bigarren-hirugarren urtetik aurrera. Herrian bizi naizenez bileretara ni joaten naiz.
Egunean bertan Aratza joateko goizeko 05:00etan jaikitzen gara. 05:30ean, denbora kontrolerako materiala hartu eta gora joaten gara. 08:00ak aldera ailegatzen gara. Lehendabiziko korrikalaria 10:25 aldera etortzen da eta handik 12:00ak arte, korrikalariak zaintzen eta denborak hartzen egoten gara. 12:00etan pixka bat itxoin egiten dugu atzetik datorrenari dortsala kendu eta helmugan jakinarazteko. Eta beherakoan, aurreko egunean markatuta geneukan zati guztia (zinta, banderin..) jaso eta mendia lehen zegoen bezala uzten dugu, garbi-garbi.
Zer eman eta kendu dizu boluntario izateak?
Kendu ezer ere. Festa bat da. Bizi guztiko kuadrillarekin egoten naiz, seme-alabak ere badatoz. Eta behera jaitsitakoan, etxekoekin, goran egon direnak eta behean geratu direnak, bazkaria egiten dugu. Niretzat festa egun bat da. Aukera ematen dit kuadrillarekin denbora gehiago egoteko.
Asko aldatu al da boluntarioen zeregina hasieratik hona?
Ikaragarri. Lehendabiziko urtean hiru lagun joan ginen: batek kronoa eta talkiekin helmugan informazioa eman. Beste batek, zenbakiak apuntatu eta ze denboratan pasatzen ari den. Eta hirugarren batek, pasatzen zen korrikalari bakoitzaren dortsalean kontraseña berezi bat jarri behar genuen. Pasaera bakoitzean ze seinale egin behar genuen esaten ziguten dortsaletan. Helmugara iristen zenean, konprobatzen zuten pasaera guztietako kontraseñak zituela. Kolore desberdinetako errotulagailuekin egiten genituen seinaleak. Bigarren-hirugarren urtean utzi genion egiteari, denbora listekin nahikoa zela. Orain barre egiten dugu. Orain maleta bat bezala ematen digute. Hark antena bat dauka, chipa irakurtzen du eta era berdinean helmugara bidaltzen da informazioa. Asko aldatu da bai.
Lehenengo bi edizioetan Juan Martin Tolosak? Irabazi zuen eta Aratzera korrika inor ez zen azaldu. Gaurko egunean, heren bat behintzat, gure paretik korrika pasatzen da, nahiz eta aldapa handia egon.
Nekerik sumatu al duzu?
Ez. Egun hauetarako gogoarekin egoten gara. Taldeko lana da, talde zoragarria daukagu eta disfrutatu egiten dugu.
25 urteotan bizitako anekdota edo pasarteren bat?
2011 urtea zela uste dut, eguraldi elegantea zegoen, haizerik gabekoa, eta ikusi genuen parapente batek salto egin zuela karrera zegoen garaian, karrera goitik ikusteko. Baina deskuidoren bat eduki zuen, eta erori egin zitzaigun. Esku apuntatzen genuen eta parapentearen hegoa gainera erori zitzaigun. Guk lanean jarraitu behar genuen eta gero ikusi genuen mutilak mina hartu zuela. Medikuak bazeuden, helikopteroa etorri zen, Txagorritxura eraman zuten. Susto polita izan zen.










