ELKARRIZKETA. «Herri batek antolatzen duen lasterketa da»
Ainitze Azurmendi Alustiza (Zegama, 1978), Ultzamako anoa guneko boluntarioa da 25 urteotan.
25 urte daramatzazu boluntario lanetan. Zergatik erabaki zenuen izena ematea?
2002 urtean 24 urte nituen nik. Gogoratzen dut herriko kuadrilla desberdinetan eskaera egin zutela, boluntarioak behar zirela mendi lasterketa bat antolatzen ari zirelako uztailak 7rako. Hainbat saltsatan nenbilen orduan ere herri mailan eta inongo dudarik ez nuen egin boluntario bezala aritzeko. Ez genekien benetan garai hartan zer zetorren!!!!
Non egoten zara? Zein da zure egitekoa?
2002 urtetik leku berean nago (taldekide bakarra naiz lehen urtetik gune berdinean dagoena), Ultzamako anoa gunean, lasterketako 8. eta 9. kilometroen artean. Gure taldeari dagokion ibilbide zatia markatzen dugu egunean bertan, anoa postuaren muntaketa, amaitzean dena jaso, markaketa ere bai. Horrez gain, Zegamako udaleko langilea naizenez, asteburu osoan zehar izaten dut zereginik, baina aurretik ere;; junior traileko boluntarioen kudeaketa, dortsal banaketa eta beste hainbat zeregin.
Zer eman eta kendu dizu boluntario izateak?
Kendu baino eman egin didala esango nuke ziurtasun osoz. Herri batek antolatzen duen lasterketa da eta ez nolanahiko lasterketa! Ilusioa, poza, urduritasuna… dira asteburu horretan eta aurretik nabarmenduko nituzkeen emozioak. Zegamarentzat eta zegamarrontzat egun handia da, festa itzela. Gainera, boluntario lanetan etorkizuna badagoela atzematen dut; nerabe direnean junior trail lasterketan hasten dira boluntario lanetan eta behin adin nagusitasunera iristean, maratoiko eta kilometro bertikaleko boluntario izatera igarotzen dira. Guzti honek miresmena sortzen dit Zegama bezalako herri txiki batean.
Asko aldatu al da boluntarioen zeregina hasieratik hona?
Nire kasuan esango nuke ez dela asko aldatu, beharbada, urteak aurrera egin duten heinean, zehaztasun gehiagorekin antolatu dira gauzak eta geroz eta errazagoa suertatu zaigu lan hauek burutzea; esperientzia, urte guztian antolakuntzan lanean dabiltzan horien garrantzia, herritarren dena emate hori…
Nekerik sumatu al duzu?
Nekea baino urduritasuna esango nuke. Beharbada adinak egiten du urtetik urtera urduritasuna handiagoa izatea; gauzak ondo aterako ote diren, eguraldia… gainera, Ultzamako taldekideen artean dugun giroa bikaina da eta horrek lan eta ardura zailenak ere errazago izatea dakar. Taldea berritzen joan da, boluntario batzuk utzi egin dute, berriak sartu… baina konexio oso ona daukagu gure artean, oso eroso sentitzen naiz talde honetan.
6. 25 urteotan bizitako anekdota edo pasarteren bat?
Lehen edizioan, 2002an, Lesakako San Ferminetatik gaupasaz etorri nintzen boluntario lanak egitera, badakizu, gaztetasuna!!! Bestetik, ba gure postuan, Ultzaman, nahiz eta lasterketaren hasiera izan, korrikalari batzuk erretiratzen dira eta hauek herrira jaitsi izan ditugu, denetariko istorioak entzuten ditugu korrikalari hauengandik.










