Festetarako ohartarazpenak zabaldu ditu Beasaingo Udaltzaingoak
Zaldizurreta kaleko bidegurutzea Ordiziarantz itxita egongo da ia egun guztietan. TAO zerbitzurik ez da izango maiatzaren 16, 18, 19 eta 23an.
Beasaingo Udaltzaingoak jaietarako hainbat ohartarazpen zabaldu ditu trafikoari, TAO zerbitzuari, lapurretei, lehergaiei eta Udaltzaingoaren ordutegiari lotuta.
TAO zerbitzurik ez da izango maiatzaren 16, 18, 19 eta 23an, Gipuzkoa plazako aparkalekuan barrakak daudelako. S1 eremuko egoiliarrek S2 eremuan aparkatu ahal izango dute festek iraun bitartean.
Zaldizurreta kaleko bidegurutzea Ordiziarantz itxita egongo da egun eta ordutegi hauetan: maiatzaren 15ean, 18:00etatik hurrengo goizaldera arte; maiatzaren 16an, 18:00etatik hurrengo goizaldera arte; maiatzaren 17an, 17:00etatik hurrengo goizaldera arte, maiatzaren 18an, 13:00etatik 15:30era eta 18:00etatik hurrengo goizaldera arte; maiatzaren 22an, 18:00etatik hurrengo goizaldera arte, maiatzaren 23an, 11:00etatik goizaldera arte; eta maiatzaren 24an, 17:00etatik 22:00etara.
Lapurretak ekiditeko aholkuak eman dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak: poltsak ondo itxita eta aurrealdean eramatea eta begi-bistan eta diru-zorroak eta sakelako telefonoak aurreko poltsikoetan eramatea. Zerbait susmagarria nabarituz gero, Ertzaintza edo Udaltzaingora jotzea eskatu dute.
24 orduko zerbitzua
Lehergaiak bide publikoan botatzea debekatuta dagoela ohartarazi du Udaltzaingoak: “Lehergaien salmenta ibiltaria erabat debekatuta dago. Lehergaiak erosteko baimendutako establezimendu berezian erosi behar dira eta arauak bete beharko dituzte”.
Maiatzaren 15, 16, 18, 22 eta 23an, Udaltzaingoaren zerbitzua 24 ordukoa izango da, eta azaldu dutenez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarlanean etxeratze segururako zaintza bereziak egingo dituzte: “Horretarako bi polizia agentek zaintza bereziak egingo dituzte herritarrentzat etxerako bide segurua bermatzeko helburuarekin”.










