KILOMETRO BERTIKALA. Goierriko lau korrikalariren adierazpenak
Zegama-Aizkorri XII. Kilometro Bertikalen 250 kirolarik hartuko dute parte. 11 goierritarrak dira, bi emakumezko eta bederatzi gizonezko. Alberto Mella beasaindarra, Edurne Arakistain legorretarra, Maider Unanue aramarra eta Jose Talavera zumarragarra daude partaideen artean.
Naiara Irigoien burlatarrak Zegamako Kilometro Bertikalaren azken hiru edizioak irabazi ditu. Roger Salanova Ostiralean hasiko da Zegama-Aizkorriren festa, XII. Kilometro Bertikalarekin. 16:00etan abiatuko dira lehenengo korrikalariak, Iraule mendian (1.520 metro) gora. Ohi bezala, Zegamako plazatik lauzpabost laguneko taldeetan joango dira Arriaundiraino (irteera neutralizatua) eta handik gora hasiko da 3 kilometroko (1.520 metroko desnibela) lehia. 250 lagun daude izena emanda, horien artean hamaika goierritar; bi emakumezko eta bederatzi gizonezko.
ALBERTO MELLA (BEASAIN)
«Bertikaletan sufritzen dut, ez nagoelako pultsazioak hain altu edukitzea ohituta, baina fisikoki ondo eusten diot»
Bigarren aldiz egingo du Beasainen bizi den Alberto Mellak (Otxandio, 1976) Zegamako Kilometro bertikala. «Zegama-Aizkorri maratoia lau aldiz egin dut. Belauna izorratu nuenean, bertikala egin nuen 2016an, gorakoan ez didalako minik ematen».
Gogotsu dago Mella ostiralerako. «Goraka gustura ibiltzen naiz. Usurbeko igoera egiten dut urtero, eta beti gustura. Entrenatzeko txirrindua bakarrik erabiltzen dut, eta korrika ahalik eta gutxien egiten dut. Bertikaletan sufritzen dut, ez nagoelako pultsazioak hain altu edukitzea ohituta, baina fisikoki ondo eusten diot».
Lehenengo aldian egin zuen Kilometro Bertikalean Zegamako plazatik Arriaundiko irteera artekoa egin zitzaiola gogoratzen du. Eguraldiak ere kezka sortzen dio: «Euria eginez gero, ez da berdina izango. Bero handiko eguna nahiago dut, hobeto ibiltzen naiz euriarekin baino».
Aurtengo helburuaz galdetuta, erantzuna garbi du: «Daukadana emango dut eta gertatzen dena. Horrelako lasterketarik egiten ez dudanez, ez dakit nola ibiliko naizen». Alde ezberdinetatik biziko du aurten Zegama-Aizkorri. Ostiralean korrika egin eta igandean argazkiak aterako ditu.
MAIDER UNANUE (ARAMA)
«Izugarri poztu nintzen dortsala lortu nuenean»
Zegamako Kilometro Bertikala egingo duen lehen aldia izango da aurtengoa izango da Maider Unanuerentzat (Arama, 1994). «Denboraldi hasieran erabaki nuen kilometro bertikalei eskainiko niela urtea eta zozketan izena eman nuen. Egia esan, izugarri poztu nintzen dortsala lortu nuenean».
Zozketan dortsala egokitu zitzaionean erabaki zuen «entrenatzaile batekin hasiko nintzela, ordura arte nire kabuz entrenatzen nuelako». Izan ere, «ez nekien nolako entrenamendua beharko nuen kilometro bertikalak prestatzeko eta ondorioz, entrenatzaile batekin harremanetan jartzea erabaki nuen, Etor Mendiarekin hain zuzen». Horrez gain, asteazkenero aitarekin [Manu Unanue] entrenatzen du: «Berak laguntzen dit estrategia ezberdinak emanaz edota aldapa berriak bilatzen entrenatu ahal izateko».
Unanuek ez dauka helburu finkorik ostiralerako. «Nire asmoa lasterketa ahalik eta ondoen egitea da, disfrutatuz. Lehen aldia izango denez, ez daukat denbora erreferentziarik. Ondorioz, dena ematen saiatuko naiz».
EDURNE ARAKISTAIN (LEGORRETA)
«Ordubeteren azpitik egiten badut, oso pozik geratuko naiz»
Edurne Arakistainek (Legorreta, 1967) laugarren aldia izango du «Kilometro Bertikalik politenean». Legorretararen esanetan, «izugarrizko giroa egoten da, oso potentea da». Laugarren aldi honetan, ordubeteren azpitik egiten badu, «oso pozik» geratuko dela aitortu du. «Iaz 58 minutu eta 17 segundo egin nuen. Aurten ez naiz hainbeste entrenatzen ari, hilabete batzuetan geldi egon naiz lesio bat tarteko. Ateratzearekin eta ondo bukatzearekin pozik».
Legorretako 500 metro inguruko Bilkoin mendian gora egiten ditu entrenamendu nagusiak. Baina «tarteka Txindokira joaten naiz. Aizkorriko Bertikala baino astebete lehengo Txindoki Bertikala da eta ondo etorri zait….».
Dena den, lasterketa luzeagoetan ere badabil. «Gabiriako Leharrei eta Segura-Zeraingo Sanson ere egin ditut. Horietan gehiago estutzen naiz. Bakarrik entrenatzen dudanean ez dut serierik egiten».
Lasterketetan «beherakoak» beldurtzen du Arakistain. «Erorita nago pare bat aldiz, izugarrizko golpea hartuta, Kilometro Bertikalak horregatik gustatzen zaizkit, gorakoak bakarrik puntuatzen duelako».
JOSE TALAVERA (ZUMARRAGA)
«2027rako dortsala mantentzea dut helburu»
2023etik urtero egin du Kilometro Bertikala Jose Talaverak (Zumarraga, 1992): «2026an laugarren aldiz parte hartuko dut. Lehenengo aldia 2023 izan zen, zozketan tokatu baizitzaidan dortsala. Beste hiru urteotan, 2024an, 2025ean eta 2026an denboran sartu naizelako daukat dortsala».
Beraz, aurtengo helburua, denborarengatik, «2027rako dortsala mantentzea» da zumarragarrarentzat. Dena den, «korrikalari guztien maila pixkanaka goraka doa eta gorputza pixka bat gehiago estutu behar da urtero».
Astean sei egunez ordubetez entrenatzen du: «Bi egunetan serieak egiten ditut bat asfaltoan esta bestea aldapa gogor batean. Alaba jaio baino lehen, gehiago entrenatzen nuen, baino orain denbora gutxiago daukat».
KILOMETRO BERTIKALA
- Eguna: 2026ko maiatzaren 15a.
- Ordua: 16:00.
- Irteera neutralizatua: Zegamako plaza.
- Irteera kronometratua: Arriaundi (505 m).
- Helmuga: Iraule (1.520 m).
- Desnibela: 1.015 m.
- Distantzia: 3.000 m.
- Partaidetza muga: 250.










