ALBISTEA. 99 korrikalari gazte Junior Trailean, tartean 11 zegamar
Hogei goierritarrek hartuko dute parte; emakumezko bakarrak. 16 eta 18 urte arteko korrikalarien lasterketa da Junior Traila. Igandean, 10:30ean hasiko da 10,4 kilometroko proba.
Azeddine Elhamidi zegamarra, maiatzaren 3an, Segura-Zerain lasterketa irabazi berritan. Lide Egizala 16 eta 18 urte bitartekoen XV. Junior Trailak erakusten du, mendi lasterketen etorkizuna bermatuta dagoela. Azken urteetako dortsal eskariaren aurrean, aurten ere zozketa bidez banatu dira, beste bi lasterketetan bezala. Nazioarteko eta Euskal Herriko 99 gaztek dute dortsala, horietatik 30 emakumezkoak izango dira. Hiru lasterketetan portzentajerik handienekoa da nesken partaidetza. Maialen Arizkorretaren esanetan, «datu horrek erakusten digu emakumeen parte-hartzea eta gaitasuna, bai orainaldian, bai etorkizunean, bermatuta dagoela».
Hogei goierritar
Goierritar gazteentzat ere lasterketa kuttuna bilakatzen ari da. Aurten, 20 goierritarrek hartuko dute; 19 gizonezkok eta neska bakar batek. Zegamarra da neska bakar hori, Izaro Collado.
Zegamar gazteen parte hartzea nabarmentzekoa da aurten, Colladorekin batera, beste hamar mutilek hartuko baitute parte: Azeddine Elhamidik, Aratz Aizpeoleak, Ekhi Aizpeoleak, Orhi Alzelaik, Luken Aranegik, Oñatz Azurmendik, Julen Galdosek, Adei Izetak, Jurgi Landak eta Xun Joxe Larreak.
Elhamidi zegamarra iaz bosgarren postuan sailkatu zen, 46 minutu eta 13 segundoko denborarekin.
Maratoiaren ondoren
Maratoiaren ondoren, 10:30ean abiatuko dira Zegamako plazatik korrikalariak, 10,4 kilometroko ibilbidea osatzeko helburuarekin. Gehieneko denbora, 12:00ak artekoa izango dute. Lasterketa irekia dago, azken bi urteetako gizonezkoen irabazleak, Biel Saguesek, ez duelako parte hartuko. Emakumezkoetan ere, iazko irabazlea, Candela Perez de Peña ez dago parte hartzaileen artean.
Eliteko lasterketariekin
Eliteko lasterketarien parean jarriko dituzte Junior Traileko gazteak. Izan ere, Arizkorretak aurreratu duenez, «larunbateko eliteko lasterketaren aurkezpenean ere parte hartuko dute».

JUNIOR TRAILA
- Eguna: 2026ko maiatzaren 17a.
- Irteera-helmuga: Plaza.
- Irteera ordua: 10:30.
- Distantzia: 10,4 kilometro.
- Desnibel metatua: 1.016 metro.
- Gehieneko altuera: 735 metro.












