Asier Gogortzaren 'AHT vs AHT' erakusketa aurkeztu dute Igartubeitin
'Argia Harrapatzeko Tramankuluak versus Abiadura Handiko Trena' erakusketak egonaldi artistikoan zehar sortutako kamera estenopeikoak, fotozineak eta prozesu osoaren argazkiak eta bideoak biltzen ditu.
AHT vs AHT -Argia Harrapatzeko Tramankuluak versus Abiadura Handiko Trena- erakusketa ikusgai izango da Igartubeitiko Interpretazio zentroan gaurtik uda amaiera arte. Asier Gogortza artistak eta argazkilariak Patrim 4.0 egonaldi artistikoan garatutako Argia harrapatzeko tramankuluak proiektuaren emaitza da. Erakusketa gaur 19:00etan irekiko dute, baina gaur goizean aurkezpen ekitaldia egin dute Igartubeitin.
Argia Harrapatzeko Tramankuluak (AHT) sortu dira Ezkioko baserrietatik berreskuratutako tresna zaharrekin. Garai bateko paisaiaren lekuko izan ziren objektu horiek erabili dira gaur egungo paisaiak eta txokoak erretratatzeko. Iraganetik datozen tresna hauei beren funtzio originala aldatu zaie argazki estenopeikaren teknika erabiliz, eta beste eginkizun berri bat eman zaie: orainaldiko argiak harrapatzea, eta batez ere Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrari argazkiak egitea. AHTak AHTaren parean. Iragana eta orainaldia aurrez-aurre.
“Gustatu edo ez, bukatu edo ez, gure garaiaren ikur bilakatua da dagoeneko Abiadura Handiko Trena. Gure bizimoduaren eta, ondorioz, gure paisaiaren adierazle nagusietako bat dela esan daiteke. Norabide argirik ezean, abiadura bizia”, esan du Asier Gogortzak gaur goizeko aurkezpenean,
Argazki hauek egiteko erabili den teknikak, aldiz, geldotasuna du oinarrian. “Lehenik argazki kamerak prestatu ditugu eskuz. Barnetik erabat ilundu eta argia harrapatzeko egokitu. Gero laborategian errebelatu eta ateratzen den negatiboa positibatu behar da. Orduak edo egunak irauten dituen prozesu mantsoa da hau”, gehitu du.
Komunitatearekin elkarlana
Martxoan zehar egin du egonaldi artistikoa Gogortzak Igartubeitin eta Ezkio-Itsason. Astez aste garatzen joan den proiektua izan da, eta hainbat herritarren zein herriko eskolaren parte hartzearekin egin da. Horren harira “herrian sortu den giro polita” azpimarratu nahi izan du Gogortzak aurkezpenean eta prozesuan zehar denok ikasi dutela gehitu du.
Amaia Dorronsoro Ezkio-Itsasoko herri eskolako zuzendariak ere hartu du parte aurkezpenean. Gogortzak eskoalko haurrekin egindako saioaz aritu da: “Haurrentzako magia egitea bezalakoa izan da”. Dorleta Ugarteburu herritarrak ere hartu du hitza. Gogortzarekin batera egonaldi artistikoan parte hartu duen herritarretako bat da bera. “Oso gustura” aritu dela adierazi du eta argazkiak egiteko modu honetara “engantxatu” egin dela ere aitortu du. Isabel Flores Ezkioko udaletxeko zinegotziak, bere adetik, eskerrak eman ditu “horrelako egonaldi bat Ezkion egitea oso aberasgarria” dela iritzita. Amaitzeko, Gogortzak ez ditu Endaine baserriko bizilagunak ahaztu nahi izan eta eskerrak eman dizkie publikoki, “argazki kamerak sortzeko ganbaran zituzten tramankuluak uzteagatik”.
Fotozineak, azken geltokia
Esan bezala, egoitzaren helburuetako bat eta artistaren betebeharretako bat izan da herriko komunitatearekin elkarlanean aritzea. Erakusketako fotozineak, esate baterako, prozesu irekiaren parte den beste une bat izan dira, prozesu osoaren nolabaiteko amaiera. PliegOS kolektiboak gidatutako tailer irekian egin zituzten pasa den asteburuan, talde lanean negatiboak manipulatuz, berriz ordenatuz eta interpretatuz. Argazkiak hedatzeko modu hau, emaitza bat baino gehiago, edizio logika mantso baten ondorioz sortzen den instalazio bat da, eta proiektu honen azken geltokia.
AHT vs AHT Argia Harrapatzeko Tramankuluak versus Abiadura Handiko Trena erakusketak, tramankuluak (kamera estenopeiko bihurtutako objektuak), fotozineak eta prozesu osoaren argazki zein bideoak biltzen ditu Interpretazio zentroko gunean. Baserriko logela batean negatiboen instalazioa kokatu du Asierrek, bere hitzetan “Igartubeiti baserriko logela gordailu ezinhobea da proiektu honetan landu diren negatiboek atseden har dezaten, ametsen eta errealitatearen arteko muga zeharkatzeko tokia den heinean. Iraganaren eta orainaren arteko zubia ere bada, gainera. AHTaren argazki hauekin orainaldiko paisaiaren iruditeri kolektibo bat osatu nahi izan da etorkizunerako, norbanako ugariren begiradak gurutzatuz.”
Museoen Nazioarteko eguna
Museoen Nazioarteko Egunaren atarian ireki da AHT vs AHT erakusketa. Izan ere, Patrim egitasmoak dituen helburuekin erabat lotuta dator aurtengorako ICOM Museoen Nazioarteko Erakundeak proposatu duen leloarekin: “Museoak mundu zatitu bat lotzen”.
Hala, bi proiektuak uztartuz, museoek banaketa kultural eta sozialen arteko zubi gisa jarduteko duten ahalmena nabarmendu nahi du Igartubeiti Baserri Museoak, elkarrizketa zein elkar ulertzea sustatuz. “Igartubeiti Baserri Museoaren oinarrietako bat da komunitatea, herriarekin batera aritzea, eta gure kasuan, landa eremuak dituen erronkak gizarteratzea. Mundu zatitu batean bizi gara gure errealitate txikian, eta museoak zatiketa hori ahalik eta txikiena izan dadin lan egiten du. Asier Gogortzak egoitza artistikoan zehar landutakoa ere erabat bat dator helburu honekin, eta horregatik erabaki dugu biak uztartzea”, adierazi du amaitzeko Kizkitza Ugarteburu Igartubeiti Baserri Museoko koordinatzaileak.













