AZKEN ORDUKOA. Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikalaren ibilbidean aldaketa
Gaur, 16:00etan, hasiko da Zegamako plazan, banakako erlojupeko formatua izango duen Kilometro Bertikala Itzubiagako txabolaraino arteko ibilbidea egingo dute 250 korrikalariek.
XII. Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikaleko Segurtasun Batzordeak gaur arratsaldean jokatuko den probarako aurreikusitako ibilbidea aldatzea eta laburtzea erabaki du, eguraldi-baldintza txarrak direla eta, eta ibilbideko goialdeetan eguraldiak okerrera egiteko aurreikuspena kontuan hartuta.
Antolatzaileen esanetan, “azken orduetan izandako euri zaparrada handiek, goialdeetako haize bortitzak, ikuspen eskasak eta lurzoru labainkorrak eraman dute antolakuntza erabaki hori hartzera, parte-hartzaile guztien, boluntarioen eta lasterketako langileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin”.
Banakako erlojupeko formatuan
Aldaketen ondorioz, Zegamako plazatik irtengo dira Kilometro Bertikaleko 250 korrikalariak, banan-banan, 16:00etatik aurrera. Banakako erlojupeko formatua izango du, “baina helmuga, azkenean, Itzubiagako txabolan kokatuko da, ibilbide osoaren denbora-kontrola egiteko aurreikusita zegoen tarteko puntuan”.
Ibilbidearen aldaketarekin, Kilometro Bertikalak 5 kilometro inguruko ibilbidea eta 760 metroko desnibel positiboa izango ditu.
Antolakuntzak eskerrak eman dizkie korrikalariei, taldeei eta zaleei, “segurtasun eta erantzukizun irizpide hutsez hartutako erabaki honen aurrean erakutsitako ulermenagatik”.













