Elustondo eta Turrientesi egindako harrerarekin eta txupinazoarekin, hasi dira Loinatz jaiak
[ARGAZKIAK ETA BIDEOA] Udaletxeko balkoira atera dira koparekin bi jokalariak, eta garaikurra eskaini diete plazan elkartu diren herritarrei. Ondoren, festei hasiera ofiziala emateko pregoia egin dute La Salle ikastetxeko ikasleek, beste ikastetxeetako ordezkariez lagunduta.
Beñat Turrientes eta Aritz Elustondo udaletxeko balkoian, pregoia irakurri duten La Salleko ikasleekin.Manex Usarralde Beasaindarrak 2026ko Loinatz jaietan murgiltzen hasiak dira jada. Atzo Beasaingo Txoznetako Ansioso Eguna ospatu ondoren, txupinazo eta pregoiarekin hasi dira festak, baina horren aurretik, ekitaldi berezi bat izan da: Aritz Elustondo eta Beñat Turrientes futbol jokalari beasaindarrei harrera egin diete herritarrek eta Beasaingo Udalak, Realarekin apirilean lortutako Espainiako Kopako garaipena ospatzeko.
Loinazko San Martin plazara iritsi dira koparekin bi futbolariak, eta bertan Beasain Kirol Elkarteko gazteen taldeetako jokalariek pasabidea egin diete udaletxeko sarreraraino. Udaletxeko batzar aretoan Leire Artola alkateak harrera egin die jokalariei, eta festetako zapiak jantzi eta oroigarri bana eman die Kepa Lasa Beasain KE-ko presidentearekin batera. Udaletxeko balkoira atera eta kopa eskaini diete futbolariek plazan elkartu diren herritarrei.
Hitz batzuk esan dituzte balkoian. Turrientes Elustondori zuzendu zaio: “Aritz, eskerrik asko, beasaindar gazte guztientzat eta niretzat eredu bat zara, lehenengo taldean sartu nintzenetik asko lagundu didazu eta niretzat kristoren plazera izan da urte polit hauek bizitzea, partekatzea eta disfrutatzea”.
Elustondok festen lehen egunari egin die erreferentzia: “Kristoren plazera da kopa zuei erakustea. Badakigu ze egun den gaur; zintzoak izan, ondo pasa eta gora Loinatz jaiak!”.
Ondoren, festei hasiera ofiziala emateko pregoia egin dute La Salle ikastetxeko ikasleek, beste ikastetxeetako ordezkariez lagunduta, eta txupinazoa botata hasi dira loinatzak. Gaueko Mariren Jaitsierarekin lehertuko da festa.
Intsignia Elustondori, igandean
Aritz Elustondok ez du Realean jarraituko, eta ekainaren 30ean utziko dio Realeko jokalaria izateari, klubak ez baitio kontratua berrituko. Beasaingo ospakizunaz aparte, igandean –maiatzak 17– Realaren eta Valentziaren arteko partidan, Anoetan, urre eta brillantezko intsignia emango dio klubak txuri-urdin bezala egindako ibilbidea aitortzeko.
BIDEOA: Laida Goiburu
ARGAZKIAK: Manex Usarralde












