Maiatzaren 21ean mintzodromoa egingo dute Ordizian
AEK-k martxan jarritako Hamabigarren egunaren baitan antolatutako egitasmoa da. 65 mintzodromo egingo dira Euskal Herrian; Goierrikoa Ordizian izango da, 18:30ean.
Urretxu-Zumarragako Euskararen Mintzodromoa, iaz, Urretxuko udaletxeko portaloian. Laida Goiburu 24. Korrikak sortutako atxikimendu sozialari jarraipena emateko asmoz, AEK-k Korrikaren 12. eguna izeneko egitasmoa aurkeztu zuen apirilean, euskararen sustapenean urrats berriak emateko helburuarekin. Egitasmoaren bidez, euskararen aldeko konpromisoa lasterketaren 11 egunetatik harago eramatea nahi dute, eta bide batez, euskararen ikaskuntzara hurbiltzeko aurreneko urratsa erraztu, eguneroko praktikan eragin eta herritarren parte-hartzea sustatu.
Hamabigarren egun horren barruan, joan den hilabetean hasiberrientzako ordubeteko doako euskara eskolak eskaini zituzten Euskal Herriaren luze-zabalean. Bada, oraingoan, beste dinamika bat dakarte: mintzodromoa. Denera, 65 mintzodromo antolatu ditu AEK-k txoko ugaritan, eta datorren ostegunean, hilaren 21ean, eramango dira aurrera. Ordizian izango da Goierri eskualdekoa, 18:30ean udaletxe azpian. Saioak ordubete inguru iraungo du.
Talde txikitan banatuta
Mintzodromoaren metodologia parte-hartzaile eta dinamikoa da. Parte-hartzaileak talde txikietan banatuko dira eta mahaietan eseriko dira (launaka, bosnaka edo seinaka, antolaketaren arabera). Saioan zehar bi mintzagai nagusi landuko dituzte, eta gai bakoitzari 20-25 minutuko tartea eskainiko zaio. Dinamika aberasteko asmoz, parte-hartzaileek mahaiz ere aldatuko dute, solaskide berriekin elkarrizketan aritzeko aukera izan dezaten eta ikuspegi anitzak partekatzeko.
AEK-k azaldu duenez, helburua «argia» da: euskararen erabileraren inguruan hausnartzea eta euskaraz praktikatzeko aukerez jardutea, giro atsegin eta lagunkoiean. Horretarako baliatu nahi dute mintzodromoa, eta ahalik eta eragin nabarmenena izatea nahi dute: «Maiatzaren 21a izan dadila Euskal Herrian euskara gehien hitz egingo den eguna».
Aurrez izena eman
Parte hartzea irekia izango da, eta edonork parte hartu ahal izango du. Hala ere, egunean bertan Ordiziara bertaratzeko interesa duenak, aurrez izena eman beharko du www.korrika.eus webgunean eskuragai jarri duten galdetegian.
Informazio gehiagorako edo edozein zalantza argitzeko, halaber, goierri@aek.eus helbidera mezu bat idatzi daiteke.













