MENDI MARATOIA. Goierriko lau korrikalariren adierazpenak
Aurten 44 goierritarrek hartu dute parte Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Karmele Ormazabal zegamarra, Pello Olaberria mutiloarra, Aitor Garmendia itsasondoarra eta Lara Estebanez legazpiarra dira horietako lau.
Lara Estebanez legazpiarra iazko Zegama-Aizkorrin, Aratz igo berritan. Hitza Mendi maratoiaren 25. edizioan 583 mendi lasterkari lehiatuko dira igandean Zegamatik Aizkorrira bitarteko joan etorrian. Horietatik 92 emakumezkoak dira. Aurten parte hartuko duten goierritarrak 44 dira: 4 emakumezko eta 40 gizonezko. Karmele Ormazabal zegamarra, Pello Olaberria mutiloarra, Aitor Garmendia itsasondoarra eta Lara Estebanez legazpiarra dira horietako lau.
KARMELE ORMAZABAL (ZEGAMA)
«Bosgarrena egin nahi nuen, eta aurten saiatu egingo naiz.»
Bosgarren aldiz egingo du maratoia Karmele Ormazabalek (Zegama, 1972) maratoia. «Aurreneko lauak duela urte asko egin nituen, denak jarraian; 2017an egin nuen azkena. Bosgarrena egin nahi nuen, eta aurten saiatu egingo naiz. Oso berezia izango da niretzat, eta nire alabarentzat».
Helburua, «bukatzea eta minik ez hartzea» du. Kezkarik handienak, denbora mugek sortzen die. «lehenengoari batez ere, Sancti Spiriturainoko kortea potentea izaten da». Bestalde, «kresterioak ere bere zailtasuna du. Eta eguraldiak ere bai, desberdina izaten baita karrera».
Inoiz baino bereziagoa izango da aurtengo Zegama-Aizkorri. «Karrera berezia da, zegamar batentzat, eta nik uste dut mundu guztiarentzako. Niretzat behintzat beti izan da oso berezia».
PELLO OLABERRIA (MUTILOA)
«Muskularki ea nola erantzuten dudan»
Pello Olaberriak (Mutiloa, 1994) lehenengo aldiz izango da igandean Zegama-Aizkorri maratoiaren irteeran. Bora txirrindulari taldeko zuzendarietako bat da eta lasterketarik ez duten uneak aprobetxatzen ditu entrenamenduetarako, nahiz eta azkenaldian izan den tokietan aldapa handirik ez duen izan inguruan.
«Etxeko karrera da eta ahal dudan guztietan ikustera joan izan naiz. Sancti Spiritun egoten den giroa behin bada ere, bizitzeko gogoa ematen du». Helburua, 5 ordutik jaistea du, «baina ez dakit nola iritsiko naizen. Maiatzaren 3ra arte kanpoan ibili naiz. Beraz, disfrutatzera aterako naiz».
Hori bai, «konpetitiboa naiz eta karrera guztietan saiatzen naiz daukadan onena ematen».
Mendiko lehen maratoia izango da mutiloarrarentzat: «Badakit forma badaukala, edo badaukadala gaitasuna maratoia bukatzeko. Baina beldur gehiena, muskularki ea nola erantzuten dudan da. Ziklismotik nator, baina mendian korrikan muskulatura erabat diferente ibiltzen da. Saiatu naiz gimnasioko lana egiten, baina ikusiko dugu. Ea gozatzea lortzen dudan».
AITOR GARMENDIA (ITSASONDO)
«Inoiz egingo dudan karrerarik luzeena izango da denboraz»
Basamortuko Saharako maratoia irabazi zuen otsailean, baina mendian egingo duen lehenengo maratoia izango da Aitor Garmendiarentzat (Itsasondo, 2000). «Aspalditik neukan egiteko gogoa. Aurten aukera eduki dut, eta erdi prestatuta nagoenez, pixka bat gehiago entrenatu eta gozatzera ateratzeko asmoa daukat».
Helburu nagusia, «osorik ailegatzea, erori gabe, helmugara lehertu gabea iristea» du Garmendiak. «Ahalik eta azkarrena egingo dut, karrera guztietara joaten naizenean, ahalik eta hoberena egitera joaten naiz, eta hau ere hala egingo dut. Inoiz egingo dudan karrerarik luzeena izango da denboraz. Beraz, bidea disfrutatzea, eta bukaerara erdi osorik edo erdi disfrutatzeko moduan iristea da helburua».
Beldurrik handiena «kresterioko harrikariari» dio, «nahiko traketsa naizelako harri artean ibiltzen. Txorkatillen bat bihurritzeak ematen dit beldurra». Eta denborak ere kezka sortzen dio. «42 errepidean eta basamortuan egin ditut, baina mendian hainbeste ordu sekula ez. Gutxienez bost ordutik gora joango da, eta inoiz ez dut korrika egin bost ordutik gora. Pixkanaka ari naiz prestatzen, baina ez naiz distantzia horretara iritsiko. Horrek zalantza sortzen du».
LARA ESTEBANEZ (LEGAZPI)
«Nire helburua bertan parte hartu eta gozatuta amaitzea da»
Iaz, lehenengo esperientzia bizi izan zuen Zegama-Aizkorrin Lara Estebanezek (Legazpi, 1994). «Jende guztiak esaten zidan lehenengo urtea zela eta disfrutatzeko. Eta horrela izan zen, gozatua hartu nuen. Eguraldi ona egin zuen, jende asko zegoen eta oso giro ona izan zen. Eta egia esateko, hasieratik bukaerara arte gozatu nuen. Oso esperientzia ona izan zen».
Beraz, aurten ere, «iaz bezala disfrutatuko banu, primeran. Baina egia da, behin egindakoan, aurreko denbora –05.23:20–hobetuko banu, perfektua litzatekeela». Eguraldiak eragin dezake: «Ez da berdina ona egitea edo oso txarra, euria, lainoa… egotea. Karrera asko aldatzen du eguraldiak, batez ere kresterioan, bustita egonez gero, ez delako era berdinean korrika egiten. Niretzat gainera, agian zati teknikoa dela konplikatuena, baina azkarrago edo polikiago jaitsiko gara».












