‘No Phone Challenge’ erronka positiboki baloratu dute ikasleek
Jakintza ikastolako bederatzi ikaslek hartu dute parte. Nabarmendu dute egunak pasa ahala "egoerara egokitzeko gaitasuna" izan dutela.
Erronkan parte hartu duen ikasle taldea. Ordiziako Udala Amaitu da Ordiziako Udalak eta Jakintza ikastolak elkarlanean abiarazi zuten ‘No Phone Challenge’ erronka. Bederatzi ikasle batu dira erronkara eta astebetez egon dira mugikorrik gabe. Mugikorraren erabileraren gaineko kontzientzia piztu eta erabilera osasuntsuago baten alde egitea da erronkaren helburu nagusia.
Parte-hartzaileek “positiboki” baloratu dute erronka, eta nabarmendu dute egunak pasa ahala “egoerara egokitzeko gaitasuna” izan dutela. “Oro har, uste baino hobeto moldatu gara mugikorrik gabe”, azaldu dute. Erronkaren bidez, gazteek mugikorraren erabilerari buruz hausnartzeko eta eguneroko ohiturez zein denbora libreaz kontzientzia gehiago hartzeko aukera izan dute.













