SAILKAPENA. Stian Angermund eta Nienke Brinkman garaile Kilometro Bertikalean
Zegamako plazatik Itzubiagako txabolara jokatu da, partaideen eta boluntarioen segurtasuna bermatzeko Iraulera igotzea saihestuta.
Suitzan bizi den Nienke Brinkman, gaur arratsaldean, Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikalean.Igor Quijano Euria, haizea eta lokatza. Lokatz handia. Horixe izan da gaur arratsaldean Zegama-Aizkorriko lehen proban parte hartu duten 250 atleta parte-hartzaileek aurkitu duten agertokia. Stian Angermund norvegiarra (32:47) eta Nienke Brinkman herbereetarra (38:21) izan dira garaile, Zegaman izen handiko bi atleta –biak maratoia irabazitakoak–.
Goizean goiz, XII. Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikaleko Segurtasun Batzordeak aurreikusitako ibilbidea aldatzea eta laburtzea erabaki zuen, eguraldi-baldintza txarrak eta goialdeetan eguraldiak okerrera egiteko iragarpena zirela eta. Horrela, irteera Zegamako plazatik izan da, 16:00etatik aurrera eta bakarkako erlojupeko formatuan, baina helmuga azkenean Itzubiagako txabolan kokatu da, jatorriz ibilbide osoaren denbora-kontrola egiten zen tarteko puntuan. Guztira, parte-hartzaileek bost kilometro eta 760 metroko desnibel positiboa egin zituzten, hasierako trazatuaren ordez; hark Irauleko gailurreraino (1.520 metro) igotzen zuen eta 1.015 metroko desnibel positiboa pilatzen zuen.
Angermunden sufritutako garaipena
Gizonezkoetan, Stian Angermund 2017ko Zegamako maratoiko txapeldunaren atzetik, Dominik Tabor (33:15) eta Jose Antonio Bellido (33:31) sailkatu dira. “Lasterketa amaitu berri dut. Izugarria izan da, oso gogorra. Dominikekin eta nire taldean hirugarren zihoan beste korrikalari batekin borrokan aritu naiz. Igoera osoan lehia oso bizia izan dugu eta kosta egiten zitzaidan haiei jarraitzea. Baina azken zatian, tarterik tenteenean, haiengana iritsi eta tartea zabaltzea lortu dut. Azken bost minutuetan bakarrik joan naiz buruan, nahiz eta izugarri sufritzen. Jatorrizko bertikala egin ezin izan dugun arren, sekulakoa izan da igoera osoan zehar publikoa animatzen sentitzea. Horrek energia handia eman dit. Lurra oso labainkor zegoen; oraintxe bertan lokatz-zentimetro batzuen gainean nago zutik… eta izugarri gustatzen zait”, azaldu du Angermundek.
“Lurra oso labainkor zegoen; oraintxe bertan lokatz-zentimetro batzuen gainean nago zutik… eta izugarri gustatzen zait”
Stian Angermund. KBko irabazlea
Lehen goierritarra Josu Urrestarazu idiazabaldarra izan da, 13. postuan (35:43).

Stian Angermund norvegiarra, gaurko Kilometro Bertikalaren irabazlea, Jose Antonio Bellido hirugarren sailkatua atzetik duela.Igor Quijano
Brinkman, gehiagorako gogoz
Emakumezkoen kategorian, Nienke Brinkman herbehereetarrak, oraindik ere maratoiko plusmarkaren jabe denak 4h16:43ko denborarekin, nagusitasunez menderatu du proba eta 38:21eko denborarekin irabazi du, Mirosława Witowskaren (39:48) eta Sladjana Zagoracen (40:23) aurretik. Naiara Irigoien burlatarra –2023, 2024 eta 2025eko garailea eta 2024an espezialitateko munduko txapelduna–, laugarren sailkatu da 40:58ko denborarekin; Laura Orgué, probako plusmarkista, zazpigarren izan da.
“Lokatz ikaragarria zegoen eta tarte batzuetan zaila zen heldulekua aurkitzea, baina, hala ere, oso dibertigarria izan da”
Nienke Brinkman. KBko irabazlea
“Oso lasterketa ona izan da. Irteera baino lehen pixka bat urduri nengoen, agian beldurtuta ere bai, azkenaldian ez baitut asko lehiatu trail runningean. Horregatik, irteera hartzea bera jada gauza positiboa zen niretzat. Lasterketan ondo sentitu naiz eta estutzeko aukera izan dut, nahiz eta baldintzak zailak izan. Lokatz ikaragarria zegoen eta tarte batzuetan zaila zen heldulekua aurkitzea, baina, hala ere, oso dibertigarria izan da. Horren bila etorri naiz, hain zuzen: lasterketa ona egitea eta gozatzea. Oso pozik nago garaipenarekin eta, jakina, emaitza honek gehiagorako gogoz uzten nau”, nabarmendu du Brinkmanek.
Lehen goierritarra eta bakarra Edurne Arakistain legorretarra izan da. 39. sailkatu da, 54:22 denborarekin.

XII. Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikaleko podiuma, Zegamako plazan.Igor Quijano
SAILKAPENAK. XII. ZEGAMA-AIZKORRI KILOMETRO BERTIKALA
Emakumezkoak
- 1. Nienke Brinkman (Zurich, Suitza)………… 38:21
- 2. Mirosława Witowska (Zakopane, Polonia)…… 39:48
- 3. Sladjana Zagorac (Alcala la Real, Espainia)… 40:23
Goierritarrak
- 39. Edurne Arakistain (Legorreta)………………… 54:22
Gizonezkoak
- 1. Stian Angermund (Bergen, Norvegia)…………… 32:47
- 2. Dominik Tabor (Cracow, Polonia)……………….. 33:15
- 3. Jose Antonio Bellido (Alpedrete, Espainia)…….. 33:31
Goierritarrak
- 13. Josu Urrestarazu (Idiazabal)…………………… 35:45
- 29. Aner Arozena (Zumarraga)………………………37:43
- 38. Jose talavera (Zumarraga)………………………39:39












