Aldaketak gora behera, giro onean jokatu da Zaldibiako Mendi Lasterketa
Lasterketa luzeko irabazleak Jokin Etxabe eta Claudia Sarrate izan dira, eta motzekoak, berriz, Aimar Larrea eta Lola Oiarzabal. Maider Unanuek lasterketa luzeko hirugarren postua eskuratu du eta Intza Urrestarazuk, berriz, motzeko bigarrena.
Eguraldiak baldintzaturiko edizioa izan da gaur goizean jokatu den Zaldibiako Mendi Lasterketa.Bi probak ordu erdi beranduago abiarazi dituzte eta lasterketa luzearen kasuan, ibilbide alternatiboaren aldeko apustua egin behar izan dute. Antolatzaileek bart jakinarazi zituzten aldaketak, eta beraz, au kilometro gutxigoko ibilbidea osatu behar izan dute proba luzeko korrikalariek, Aralarko goiko mendietara igotzea saihestuta –ibilbide ofizialak 28 kilometro ditu, eta 1.950 metroko desnibel positiboa–.
Unanue eta Urrestarazu, podiumean
Hala ere, giro onean amaitu da Zaldibiako Mendi Lasterketaren VII. Edizioa. Partaidetza handiarekin jokatu dira bi probak. 9:30ean atera dira lasterketa luzeko korrikalariak, eta 24 kilometroko ibilbidearen ondoren, goierritarrek ez dute txapela etxean geratzea lortu. Gizonezkoen artean, Jokin Etxabe bergararra nagusitu da, bi ordu, lau minutu eta 31 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko; emakumezkoetan, berriz, Claudia Sarrate katalana izan da azkarrena, bi ordu, 35 minutu eta zazpi segundorekin. Maider Unanue aramarrak osatu du emakumezkoen podiuma, eta Aritz Egea zumarragarrak laugarren egin du.
Lasterketa motzeko gainontzeko korrikalariak ordu erdi beranduago irten dira plazatik, 10:00etan. Gizonezkoen artean, Aimar Larrea antzuolarra nagusitu da, eta bere ondotik iritsi dira Ibon Badiola ondarrutarra eta Iker Agirregabiria aretxabaletarra. Emakumezkoetan, berriz, Lola Oiarzabal gasteiztarra izan da azkarrena, eta Intza Urrestarazu ordiziarrak zein Barbara Ceballos galiziarrak osatu dute podiuma. Hauek, ohiko ibilbidea mantendu dute eta Zaldibiako plazatik eta Ausa Gaztelura arteko joan-etorria egin dute (15 km, 1.000 m+).
Argazkiak: Izaro Villarreal













