Mozorroen eguna da gaur Legorretan
Eguraldiari festarako gogoz erantzun diote legorretarrek, gaur ospatzen ari diren mozorro egunean. 42. Paella txapelketa ere egin dute.
Larunbatean ospatu ohi dute Legorretako Azentzio jaietan mozorro eguna, aurten Euskal Herriko kultura, kirola eta ondarea gaitzat hartuta. Era askotariko mozorroak ikusteko aukera izan da gaur eguerdian, baita bere kabuz mozorrotuta zebiltzan taldeak ere.
Mozorroak ez ezik, paella txapelketa ere bada jaietako larunbatean egin ohi duten beste jarduera bat. Txakolin dastaketarekin eman diote hasiera egunari, eta tarte horretan hasi dira kuadrillak lehiaketarako eta bazkarirako paellak prestatzen. Txapelketa herrikoiaren 42. edizioa da aurtengoa. Hogei taldek parte hartu dute, eta epaimahaiaren iritzira, Izkiribiri Baldarrak taldearena izan da paellarik onena. Txiribi taldearena izan da bigarren onena, eta Jon Blancorena, berriz, hirugarrena.
Arratsaldean mozorroen desfilea egingo dute plazan, eta ondoren, musika doinuek girotuko dute jaia, iluntzera arte. Atrikipunk eta Burutik taldeak izango dira.
Bihar bukatuko dira Legorretako Azentzio jaiak, 20:30ean egingo duten pikuaren ehorzketarekin.
Argazkiak: Izaro Villarreal













