Zegama-Aizkorriren hastapenak gogoratu dituzte, txapeldunen aldamenean
Maratoi bezperan egin duten ekitaldia aprobetxatu dute mende laurdeneko historia gogoratu eta txapeldunei aitortza egiteko. 30 txapeldunetatik 24 izan dira bertan. Jendez goraino bete da eskolako patioa.
Munduko lasterketarik enblematikoenetako bat da Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta ordu gutxi batzuren faltan, eztanda egitear dago Aizkorriren magalean kokatzen den herri txikia: dagoeneko Segurara iristen diren auto ilara amaigabeak daude errepide izkinan, autobus zerbitzu bereziak beteta iristen ari dira herrira eta eskolako patioa lehertzear da.
Ez da gutxiagorako, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 25. urteurrena ospatzeko bildu baitira gaur eguerdian; mende laurdena ez da urtero ospatzen eta goitik ospatu nahi izan dute urteurren festa. Lasterketaren mende laurdenaren historia gogora ekarri dute, eta urte hauetako errepasoa egiteko, txapel preziatuaren jabe izandako guztiak gonbidatu dituzte; 30 txapeldunetatik 24 izan dira bertan, hala nola Kilian Jornet, Manuel Merillas, Remi Bonnet, Rob Jebb, Mario Poletti, Oihana Kortazar, Maite Maiora, Sylvia Nordskar eta Sara Alonso.
Hitzartzeen tartea
Ohi bezala, speaker lanetan aritzen diren Depa eta Aitor izan dira hitza hartzen lehenak, eta eskerrak ematen hasi dute ekitaldia. Azken 25 edizioak laburbiltzen dituen ikus-entzunezkoari eman diote jarraian pasoa, eta mendi maratoiaren hastapenetatik antolakuntzan aritu diren dozenaka herritarren testigantzak azalerazi dira: Alberto Aierberenak, Ainhoa Txurrukarenak, Maialen Arizkorretarenak…
Iker Zubeldia alkateak ere izan du hitza hartzeko tarterik, bai eta berarekin batera oholtzara igo den Juan Inazio Galdos maratoiaren aurreneko edizio hartako alkate ohiak ere. Herriaren lana balioan jarri eta bolondres guztien inplikazioa eta bultzada eskertu nahi izan dute biek. “Puzzle bat osatu dugu urteetako lanarekin, eta puzzle hori osatzen duten zati guztiak dira garrantzitsuak”, azaldu du Galdosek.
Aierbe eta Txurruka izan dira oholtzara igotzen hurrenak, eta maratoia sortu aurretik izan zituzten aurreneko burutazioez hitz egiteaz gain, belaunaldien arteko transmisioa eta maratoiak duen herri izaera nabarmendu nahi izan dute. “Zegamako gazteriak bere egin du maratoia, eta beraiei esker izango du etorkizuna”, esan du Txurrukak.
Txapeldunei aitortza
Hitzartzeetarako tartearen ondoren, publikoak gehien itxaron duen momentua heldu da. 25 urteetan txapel preziatuaren jabe izan diren korrikalari guztiak gonbidatu dituzte eta banan-banan igo dira oholtzara, garaipenaren hurrenkeran. Denek ala denek berretsi dute kontu bera: Zegama, Zegama dela.
Kilian Jornet izan da, akaso, txalo gehien jaso dituen korrikalaria. 11 aldiz irabazia eta probaren errekorduna –2022an, 3:36:40–, biharko lasterketarako ere bera da faborito nagusia. Bihotzez eskertuta agertu da zegamarrekin: “Ezinezkoa da hitzez azaltzea hemen korrika egiten dugunean sentitzen duguna. Herrian egotea, egun batzuk lehenago, igande arratsalde batean… benetan deskribaezina da”.
Aurreskua dantzatuz eta Salomoneko ordezkariek antolatzaileei egindako tarta berezi bateko belak itzalduz eman diote amaiera.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.