Arroila jaitsiera Arrastakarekin
Maiatzaren 30 eta 31rako irteera antolatu du mendi taldeak. Artazul eta La Leze arroilen jaitsierak egingo dituzte. Maiatzaren 26an eman behar da izena.
Arrastaka Mendi Taldeak irteera antolatu du maiatzaren 30 eta 31rako, Arabako eta Nafarroako arroila bana jaistera.
Maiatzaren 30ean, Artazul arroilaren jaitsiera egingo dute. “Nafarroako Ollo bailaran kokatzen den arroila hau Europako politenetakoa dela diote”, azaldu du taldeak. “Jende ugari gerturatu ohi da iturburuko ur-jauzia ikustera. Guk ordea, barrutik ikusiko dugu txoko ikusgarri hau eta arroilaren hasieran eta amaieran airean burutu beharreko bi rappel zoragarri jaisteko aukera izango dugu”.
Maiatzaren 31n, berriz, Eginon (Araba) kokatzen den La Leze arroila jaitsiko dute. Jaitsiera kobazulo barnean da. “Horrek, arroila jaitsierak berez izan ohi duen erakargarritasunari beste ukitu bat gehitzen dio, ibilbidea kanpoko argi naturalik gabeko ilunpean gauzatzen baita. Ur hotzarekin eta pasabide estuekin egingo dugu topo eta ur-jauziz ur-jauzi rappelak eginez izango da 107 metroko desnibela duen jaitsiera”. Arroila horrek ihesbiderik ez duela eta bertan ibiltzeko teknikoki eta fisikoki gutxieneko prestakuntza bat izatea beharrezkoa dela ohartarazi du taldeak.
Irteeran parte hartzeko maiatzaren 26an eman behar da izena, Ehunmilak-Arrastakaren egoitzan 19:00etan egingo den bileran.













