Oiangu eguna ospatu zuten larunbatean
Kirolari, entrenatzaile, guraso eta herritarren artean ospatu zuten larunbatean Oiangu eguna. Martxan dauden txapelketetan dituzten jokalariak ere gogoratu dituzte.
Larunbatean ateratako talde argazkia. Oiangu pilota Giro bikainean ospatu zuten Oiangu eguna joan den larunbatean, elkarteko kirolari eta entrenatzaileek. Egun osoko jardunaldia izan zuten, goizetik hasi eta arratsaldean euskal selekzioaren erakustaldiaz gozatzeraino. Elkarte osoaren argazkia ere atera zuten, aurtengo urterako eskuratu dituzten arropa berriak soinean jantzita.
Bide batez, orain bertan txapelketetan lehiatzen ari diren taldeez ohartarazi nahi izan zuten elkarteko kideek, momentu honetan txapelketa ofizial ugari baitaude jokoan.
Alebin, infantil eta kadete mailan taldekako txapelketa abian da, eta bertan daude Aratz Arrieta, Inar Ayerbe, Mikel Garin, Markel Muguruza, Harri Goñi, Hodei Zubeldia, Josu Soberon, Aritz Maiora eta Oinatz Aranburu. Nagusi mailan, berriz, emakumezkoen buruz burukoa jokatzen ari dira Amaia eta Naiara; momentuz, Naiarak bitik biak irabazi ditu.
Pala luzeko modalitatean ere beste hainbeste ari dira. Otegi-Letamendia bikoteak lehen partida galdua du Azpeitiarren aurka (45-37) eta bigarren partida aste honetan jokatuko du andoaindarren aurka. Luzuriaga-Etxeberria bikotea berriz Euskal Herri mailako trinketeko txapelketan murgildua da. Pasa den larunbatean Getxon izan ziren Sopelarren aurkako lehian eta hauek ere txapelketari emaitza kaskarrarekin ekin zioten.













