Ordiziako mendizaletasuna hizpide duen dokumentala
Bihar aurkeztuko dute urteetan ondu duten lanaren emaitza, 18:30ean, Ordiziako Herri Antzokian. 44 ordiziarren ahotsak jasotzen ditu.
Ordiziako mendizaleak. 80 urte igaro dira mendizale talde batek mendi irteerak egiteko elkartzea erabaki zuenetik; 1943. urtea zen orduan, eta orduz geroztik, milaka miloi esperientzia, irteera eta zaletasun konpartitu izan dituzte. 80 urteko bidaia hori guztia borobildu nahi izan dute gaur Herri Antzokian aurkeztuko duten Erro eta Hego. Ordiziako Mendizaleen Memoria Historikoa dokumentalean. Emanaldia doakoa da gaur, 18:30ean.
Ordiziako mendizaletasunaren historia jasotzea eta memoria kolektiboa lantzea izan dira, batik bat, dokumentalaren muina. Mari Karmen Odriozola kazetariak ondu dituen 44 elkarrizketa ditu abiapuntu, eta ordiziar belaunaldi ezberdinek mendiarekin izandako lotura erakusten du. Odriozolaren hitzetan, hainbat mendizale eman dituen herria da Ordizia, eta jendearen iritziak eta lezioak jasotzea zen asmoa: «Guk zaharrengandik ikasi dugu eta oraingo gazteek ere, gu zaharrak izanik, guregandik ikasiko dute zerbait».
Lau belaunaldien ahotsa
Horretarako, belaunaldien arteko transmisioari egin nahi izan diote erreferentzia, eta lau belaunaldi ezberdinetako lekukotzat biltzea lortu dute. Lekukotza zaharrena Juanita Expositorena da, 103 urteko emakumea, eta gazteena, berriz, Maddi Agirrerena, 18 urteko neska. Odriozolak dioenez, bakoitzak «izaera berezia» eman dio kontakizunari.
Adinduenek batez ere gerra ostean izandako mugimendua aipatu dutela dio: «Ordizian beti izan da mendizaletasunerako mugimendua eta gerra ostean gehiago; elkartzeko eta sozializatzeko beharra zuten ordiziarrek, gerrak utzitako zauriak arintzeko». Adinduez harago, Odriozolaren belaunaldikoak ere agertzen dira, eta beraiek bizitako esperientziak eta horrek guztiak ekarri duenaz mintzatu dira dokumentalean: «Tontor asko zapaldutakoak gara. Etxe ingurutik hasi –Murumendi, Aralar, Aizkorri– eta hortik kanpora –Pirinioetara, Alpeetara– joandakoak gara, eta horiek ere bildu ditugu».
Belaunaldi gazteagoen «beharra» ere aldarrikatu du. Dioenez, eskalatzaile ugari dago gazteen artean, eta horientzako ere mendiak suposatzen duen arnasaldia ezaugarritu nahi izan dute. «Bide asko ireki dituzte eta esango nuke asko trebatutako pertsonak ditugula aurretik». Azken belaunaldi baten ahotsa ere txertatu dute, gaztetxoena, gaur egun mendi lasterketen inguruan dabiltzanena.
Profesional ugariren lana
Odriozolak egindako elkarrizketei, gerora, beste zenbait profesionalen lanak gehitu zaizkie: Patxi Garmendia historialariak kontatutako Ordiziako mendizaletasunaren inguruko hastapenak baliatu dituzte dokumentalaren haria sortzeko. Patxi Zubizarreta idazleak, berriz, gidoia idatzi eta bere hizkuntza poetikoarekin ahotsa eman die irudiei.
Joxerra Senperena Donostiako piano-jotzaileak ere pieza bat konposatu du propio, dokumentalaren oinarria izan dena, eta azkenerako, Iban Toledo arduratu da editore lan guztiaz. Denen artean lortu dute herriko mendizaletasunaren historia etorkizunerako jasota uztea.













