Ostatuak ere ondare dira
Aldundiak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak ostatu sare turistikoa sustatu dute, establezimendu horien biziraupena bermatzeko eta barnealdearen erakargarritasuna ezagutzera emateko.
Orendainen egindako topaketaren irudia.GFA Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak ostatu sare turistikoa sortu dute, bi helbururekin: Gipuzkoa barnealdeko eskualdeen balio eta erakargarritasun gastronomiko eta turistikoa indartzea eta establezimendu horiek iraun dezaten laguntzea. Horretarako, ostatuak promozionatuko dituzte gipuzkoarren eta bisitan datozenen artean.
Azahara Dominguez diputatua eta Ane Ruiz Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko zuzendari exekutiboa ostatuak dituzten udaletako ordezkariekin eta Goierri eta Tolosaldeako turismo arduradunekin elkartu ziren duela egun batzuk, Orendainen.
Dominguezek ostatuen «berezitasuna» azpimarratu zuen. «Eskaintza gastronomikoa sukaldaritza tradizionalean eta zero kilometroko produktuan oinarritzen duten ostalaritza establezimendu horiek udalerri txiki askoren epizentroa dira. Gipuzkoatik kanpo ezin daitezke aurkitu eta, beraz, gure lurraldea aberasten dute; helmuga turistiko bakar, berezi eta nortasun propiodun gisa. Gainera, gure sukaldaritza nortasunaren ezinbesteko zaindariak dira. Hori dela eta, espazio horien iraunkortasunean lagundu nahi dugu. Lehen topaketak ikuspegiak partekatzeko, helburuak lerrokatzeko eta Gipuzkoako ostatuen sare turistikoa eraikitzen hasteko balio izan du».
Sarea udalerri txikientzako laguntza tresna izatea nahi dute; jarduera ekonomikoa eta tokiko bizitza mantentzen eta sortzen lagunduz.
Ruizek ere proiektuen onurei buruz hitz egin zuen. «Ostatuei ikusgarritasun handiagoa eskainiko die, eskaintza turistikoan. Hau da, lehen lerroan jarriko ditu gaur egun kasu askotan bigarren mailan dauden establezimenduak. Bestetik, ostatu bat zer den eta zergatik den berezia azalduko dugu, elkarrekin. Bisitari egokiagoak lortzea, establezimendu horiekin benetan bat datorren bezeroa erakartzea dugu helburu».
Laguntza eskaintza
Horretarako, sarera sartzen diren establezimenduei laguntza eskainiko zaie komunikazioaren, tresna digitalen eta bisitarientzako informazioaren arloan.













