Pintura lehiaketa eta Eltziego eguna, asteburuan
Larunbatean egokitu dira aurten urteko ekintza nagusietako bi Idiazabalen. Pintura lehiaketa goizean izango da eta Eltziego eguna egun osoan zehar.
Asteburu betea dute datorren hau Idiazabalen. Larunbatean egokitu dituzte urteko ekintza nagusietako bi: aire zabaleko pintura lehiaketa eta Eltziego eguna. 2020az geroztik antolatzen du Idiazabalgo Udalak lehiaketa eta aurtengoa seigarren ekinaldia izango du. Eltziego eguna bere aldetik, atzeratuta dator aurten, aurreko urteetan martxoan ospatu ondotik.
Aire zabaleko pintura lehiaketari 9:00etan emango diote hasiera maiatzaren 23an. Ohi bezala, hiru kategoriatan banatuko dira parte hartzaileak: A kategorian, 2010ean edo lehenago jaiotakoak lehiatuko dira; B kategorian, 2011-2013 urteen artean jaiotakoak; eta D kategorian, 2014 eta 2017 urteen artekoak. Izen ematea egunean bertan izango da 9:00etatik 10:00etara A kategoriakoentzat, eta 10:00etatik 11:00etara gainontzekoentzat. Sari banaketa 18:00etan izango da udaletxean.
Eltziegoarrak Idiazabalen
Bestalde, Idiazabal eta Eltziego (Arabar Errioxa), bi herrien arteko hartu emana estutzeko eguna ere izango da larunbatekoa. Beste behin, bi herrien arteko senidetzea aitzakia hartuta kultura, folklorea eta gastronomia uztartuko dituzte topaketan. Idiazabal eta Eltziego orain 13 urte senidetu ziren eta ordutik etenik gabea izan da hartu emana. Larunbatekoaren joaneko jardunaldia azaroan egingo dute, ohi bezala idiazabaldarrek, Eltziegon Idiazabal eguna ospatuz.
Eltziegoarrei harrera eta ongi etorria egingo diete 10:00etan udaletxean. Eguerdian, 12:00etan egun honetan klasiko bihurtu den Eltziego & Friends taldearen emanaldia izango da, eta 13:00etan dantza emanaldia. Herri bazkaria egingo dute 14:00etan eta urtero bezala, Eltziego aldean ohikoa den haragi gisatua prestatuko dute bazkaltzeko, pateak, postreak eta ardoak lagunduta. Bazkaritarako txartelak 5 euroan daude salgai liburutegian.













