Trasteleku eta osasun arloko espazio berriak Ordizian
Helburu bikoitza izango du: trastelekuak alokatzeko aukera eskaintzea, batetik, eta osasun arloko profesional ezberdinez osatuta egongo den zerbitzu berria eskaintzea, bestetik.
Ordiziako San Joan auzoko Floreaga kalean dauden zenbait gabeziei erantzuteko, trasteleku zerbitzu berriak eta osasun arloko profesionalentzako espazio berria zabalduko dituzte aurki.
Herritar batek martxan jarri berri duen ekimena da, eta helburu bikoitza izango du: trastelekuak alokatzeko aukera eskaintzea, batetik, eta osasun arloko profesional ezberdinez osatuta egongo den zerbitzu berria eskaintzea, bestetik.
Trastelekuen kasuan, tamaina eta prezio ezberdinetako aukerak egongo direla aurreratu dute. Herritar bakoitzaren beharretara egokituko diren espazioak izatea nahi dute, eta horretarako, interesa izan dezaketen herritarrei galdetegi bana betetzea eskatu die, www.gordeordizia.eus helbidean aurki daitekeena.
Osasunarekin lotutako beste espazioarekin, berriz, osasun arloko profesionalak gune berean elkartzea da asmo nagusia, eta hala, psikologia, nutrizioa, logopedia eta ongizatearen arloko beste zenbait zerbitzu eskaintzea, «profesionalek euren jarduna garatzeko toki egokia eskainita». Bi espazio horien inguruan informazio gehiago behar duenarentzat, www.orekagunea.eus helbidera jotzeko eskatu dute.













