Udal aurrekontua abiapuntutzat hartuta, herri aldizkaria ondu du Ordiziako Udalak
Diru partida totalaren banaketa eta aurrera eramango dituzten inbertsio nagusiak jasotzen ditu. Etxe guztietara banatu dute.
Ainhoa Jimenez, Adur Ezenarro eta Jon Ander Caballero, gaur goizeko aurkezpenean. Izaro Villarreal Ordiziako Udalak 2026ko udal aurrekontuaren inguruko herri aldizkaria kaleratu du, aurrekontuko diru partida osoaren ezaugarritzea eginda eta datozen urteetarako aurreikusitako proiektuen nolakotasuna zehaztuta. Adur Ezenarro alkatearen hitzetan, herritarrei egin nahi izan dieten “deboluzioa” izan da herri aldizkaria. Etxe guztietara banatu dute dagoeneko.
2026ko aurrekontua otsailaren 26ko Osoko Bilkuran onartu zen, eta apirilaren 17an sartu zen behin betiko indarrean. Denera, 23.019.806,90 euroko aurrekontua izango du udalak; inoizko diru partidarik handiena. Horietatik 6.671.304,99 euro inbertsioetara bideratuko dituzte, aurrekontu osoaren ia %29a.
Alkateak azaldu du Ordizia 2030 Ekintza Plana izan dela aurrekontua osatzeko gidalerro nagusia: “Ekintza Plan horretan finkatu genuen Ordizia etorkizunerantz eramango zuten helburuak lortzeko ondu beharreko estrategia, eta gure aldetik azpimarratu behar dugu bideorri hori jarraitzen ari garela”. Gaineratu du, gainontzeko alderdi politikoekin lortutako adostasunak tarteko, hitzartutako adostasun guztiak lerratzen direla Ekintza Planaren estrategia horretan. “Ez da bat-batean aurretik ezarrita ez zegoen beste ezer txertatu”, azaldu du.
Aurrekontua hiru ardatz nagusiren baitan antolatzen da: herritarrak (%53), lurraldea (%32) eta antolaketa (%15). Horregatik, Ezenarrok dio herritarrekin “zorretan” zeudela, eta “beharrezkoa” ikusten zutela diru partiden banaketa nola egiten den zehaztea, herritarrei etorkizunean iritsiko zaizkien inbertsioak zerrendatzea eta udalaren aurreikuspenak zeintzuk diren aipatzea. Hori guztia jasotzen du herri aldizkariak.
PROIEKTU NAGUSIAK
- Majori kirolgunearen berritzea: 2,6 milioiko inbertsioa
- Oria ibaiaren pasealekua berritzea: 350.000 euro
- Otatza plaza berritzea: 110.000 euro
- Urdaneta kalearen urbanizazioa: 770.000 euro
- Haur-parkeen eta espazio publikoen berritzea: 80.000 euro
- Altamira eta Tximista lotzeko igogailuaren proiektua: 150.000 euro
- Urdaneta eskolaren eraberritzea: 700.000 euro
- Herri Antzokia irisgarriagoa egiteko lanak: 600.000 euro
- Landa bideak berritzeko partida: 100.000 euro
- Barrena kultur etxea berrantolatzeko proiektua: 120.000 euro













