Ehundik gora lagun Ormaiztegiko adinekoen ibilaldi neurtuan
Oin Harriak jubilatu elkarteak antolatu zuen ibilaldia larunbatean. Goierriko 12 herritako elkartek hartu zuten parte. Hurrengo urtean Seguran egingo dute.
Goierriko adinekoen ibilaldi neurtua Ormaiztegin, larunbatean.Angel Elorza Ormaiztegiko Oin Harriak jubilatu elkarteak antolatuta Goierriko adinekoen ibilaldi neurtua egin dute asteburuan. Goierriko 12 herritako jubilatu elkartek hartu zuten parte larunbateko jardunaldian, eta ehundik gora parte hartzaile izan ziren guztira. Oin Harriak elkarteko Jone Usabiagak esan duenez, eguraldi bikainarekin eta aparteko giroan egin zuten ibilaldia.
Guztira 8 kilometroko ibilaldia antolatu zuten larunbatean. Ormaiztegiko Bide Berdetik barrena Alegi aldera joan ziren, bertan atseden hartu eta Ormaiztegira itzuli ziren, Irai Kutturrira arte. Alegiko hainbat bizilagun Ormaiztegiko jubilatu elkarteko kide dira eta ibilaldia Alegiraino luzatuz keinu bat egin nahi izan zien antolakuntzak. Amaitzeko frontoian mokadutxo bat egin zuten elkarrekin, patata tortilla eta txorizo pintxoak, pasta, gazte eta menbrilloa izan zituzten. Sari banaketa batekin eman zuten amaitutzat ekitaldia.
Urtero Goierriko herri batek hartzen du adinekoen ibilaldi neurtua antolatzeko ardura. Aurten Oin Harriak elkarteko 12 lagun aritu dira antolaketa lanetan. Hurrengo urtean, Segurako Atseden elkarteak hartu du jardunaldia antolatzeko lekukoa.




















