'Ezagutu zintudanean' liburua aurkeztu du Enara Garmendiak
Garmendiak euskal literaturan nobela erromantikoen «hutsune» bat dagoela adierazi du. Euskaraz «dena» egin daitekeela ere aldarrikatu du.
Enara Garmendia 'Ezagutu zintudanean' liburuaren ale bat sinatzen.Erein Enara Garmendia olaberritarrak Ezagutu zintudanean liburua aurkeztu zuen Erein argitaletxearekin elkarlanean, atzo. Nobela erromantikoa idatzi du, eta genero horretan euskal literaturan «hutsune» bat dagoela adierazi du.
Ezagutu zintudanean gazte eta helduei zuzendutako liburua da. Garmendiak azaldu duenez, berak gaztetan euskaraz «bilatu» ez zuen zerbait idatzi nahi izan du.
Euskarazko literaturan «fantasiazko» eta «amodiozko» nobelen falta nabaritzen du olaberritarrak: «Bigarren mailako generoak bezala ikusita daude». Euskaraz «dena» egin daitekeela aldarrikatu du Garmendiak.
Nobela erromantikoetan formula «ezberdinak» daude, idazleak dioenez. Bereak, hain zuzen ere, Friends to lovers [laguntasunetik maitasunera] formula daukala azaldu du. Genero horretako liburuak «adiktiboak» eta erritmo «azkarrekoak» direla gaineratu du: «Udako hondartza egun batean irakurtzeko aproposa iruditzen zait».
«Adin txikiko protagonistak direnez, sexu eszena esplizituegiak ez nuen nahi izatea, baina gazteek egiten dituzten gauzak ere ez nituen ezkutatu nahi»
Enara Garmendia. Idazlea
Garmendia DBH eta Batxilergoko ikasleen ingeleseko irakaslea da. Aitortu duenez, liburua idazteko ideia bere «ikasleek» eman zioten. «Behin, nire ikasle talde bat ikusi nuen, erlazio ‘toxiko’ baten inguruko nobela erromantiko bat elkarri irakurtzeko uzten». Horrelako istorioen «aurkako» liburu bat idatzi nahi izan du. Horregatik, nobelaren istorioak komunikazio «on» eta «errespetuzko» bat erakutsiko duela berretsi du.
Idazterakoan zailtasunak
Liburua idazterakoan «arazo» bat sexu-harremanak kontatzerakoan «mugak» non jartzea izan duela azaleratu du Garmendiak: «Adin txikiko protagonistak direnez, sexu eszena esplizituegiak ez nuen nahi izatea, baina gazteek egiten dituzten gauzak ere ez nituen ezkutatu nahi». «Instrukzio» liburu bezala ez hartzeko iruzkina ere egin du.
Idazleak dio lau «bertsio» ezberdin egitera iritsi dela momentu horietan «muga» ezberdinak jarriz. Gaineratu du eszena horietan segurtasuna «garbi» azalduko dela.
Olaberritarrak liburuaren prozesuaz mintzatu da: «Luzea izan da, baina disfrutatu dut».
Amodiozko istorioa
Garmendia bera udalekuetara joandakoa da «ikasle» eta «begirale» bezala. Horregatik, udalekuetan sortzen diren «emozio» handiko erlazioak aski «ezagunak» dituenez, bere «istorioan» irudikatu ditu.
Nobelako protagonistak bi gazte dira: June 16 urtekoa eta Markel 15 urtekoa. Udalekuetan elkar ezagutuko dute, eta lehen unetik «erakarrita» sentituko direla aurreratu du idazleak. Pertsonaien arteko «ezberdintasunak» esan ditu: «June bizi osoan joan da udalekuetara, Markel, ordea, ez. Gainera, etxean egoera zail bat dauka».












