Afizionatu mailako talde indartsuenak, San Joan lasterketan
Barbari auzoko baserritarrei lasterketak irauten duen bitartean segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea eskatu diete.
Txirrindulariak Segurako kaleetan zehar iaz, San Joan txirrindulari proban.Segurako txirrindulari elkartea San Joan txirrindulari proba jokatuko da larunbat honetan Seguran, herriko txirrindulari elkarteak antolatuta eta Euskaldun torneoaren baitan. Afizionatu mailako talde indartsuenak espero dituzte Seguran.
10:00etan eman zaio hasiera lasterketari herriko plazan eta 101 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek. Aurtengo karrerak iazko ibilbide bera izango du eta guztira zortzi mendate igo beharko dituzte: Lierni, Atagoiti, Aztiria, Barbari eta Minetakoa.
Lasterketa segurtasunez egin dadin, larunbatean boluntarioen laguntza beharko duela iragarri du elkarteak. Bidegurutzeak zaintzeko prest dagoenak elkarteko kideekin jarri beharko du aurrez harremanetan. Bestalde, Barbari auzoko baserritarrei oharra bidali diete, lasterketa baserri ondotik igaroko den lekuetan gerta litezkeen ezustekoak saihesteko txakurrekin edo ganaduarekin beharrezko neurriak hartzea eskatzeko. Lasterketa 11:30 eta 12:30 bitartean igaroko da Barbari auzotik, Zegamatik Zerainera.
Kirola eta bertsoa
Ekainaren 13an bertso afaria ere antolatu du Segurako Txirrindulari Elkarteak. Aratz Igartzabal Potto eta Eneko Araiztegi Korta arituko dira kantuan, eta Jon Iturriotzek egingo ditu gai jartzaile lanak. Txartelak hilaren 10era bitartean Imaz tabernan eskuratu daitezke, 25 euroan.













