Beasain, Idiazabal eta Olaberria lotzeko "lehen urratsa" martxan
Oria ibaiaren ertzeko natur-bideko lanak hasi ditu Beasaingo Udalak. Bernedoeneako osasun etxean hasiko da, eta Altamira auzoraino iritsiko da. Proiektu osoaren aurrekontua 939.497 eurokoa da.
Bernedoenea. Hortik igaroko da natur bidea.Laida Goiburu Oria ibaiaren ertzeko natur-bideko lanak hasi ditu Beasaingo Udalak. Ibaiaren ertzetik joango den kilometro bateko ibilbidea izango da, eta Olaberria eta Idiazabalekin lotuko da. Udalaren esanetan, “mugikortasun jasangarria eta aisialdia sustatzeko helburua” dauka proiektuak, “Goierriko bidegorri-sarearen ardatz berri bat sortuz”, eta Beasain, Olaberria eta Idiazabal herriak “modu seguruan konektatzeko lehen urratsa” izango da.
Oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea izango da –natur bidea kontsideratzen da ez daukalako bidegorriaren zoladura bera– eta Beasaingo mugan Indar enpresaren lantegiaren inguruan lotuko da Olaberria eta Idiazabalekin.
Bernedoeneako osasun etxean hasiko da bidea, eta Altamira auzoraino iritsiko da –Indar lantegi ingurua–. Bernedoeneako zatitik ibaiaren beste aldera pasatuko da bidea, eta horretarako, ibaia zeharkatzeko, 42 metroko egur laminatuzko zubi bat eraikiko dute, gasolindegiaren atzeko partean.
Proiektu osoaren aurrekontua 939.497 eurokoa da (BEZa barne). Landa-lurretako zatiko lanak hasi dituzte jada, maiatzaren 10ean. Zumadi-Bernedo tartea (346.443 euro), hiriguneko zatia, Urbycolani esleitu zaio.
Bide osoa argiztatuta egongo da, eta zoladura mistoa izango du; hiriguneko zatian asfalto inprimatua erabiliko da, eta landa-eremuan lurrezko pista.
Sei hilabeteko iraupena izango dute lanek, eta udalaren helburua bidea urte amaierarako prest egotea da. “Ekimen honi esker, herritarrek naturaz gozatzeko gune berri bat izango dute, bai aisialdirako, bai lanerako edo eguneroko joan-etorrietarako modu osasuntsu eta jasangarrian”.













