Gazte Tour Ordiziara iritsiko da asteburuan
Prestakuntza eta musika uztartuko dituen egitarau zabala izango da asteburuan, Ordizian.
Gaur goizean egin dute aurkezpena, Garagartza plazan. Ordiziako Udala Gazteei egungo kultura-proposamen parte-hartzaileak eta sormen-hizkuntzei lotutako jarduerak hurbiltzeko helburuarekin sortu zuen Gazte Tour programa Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta aurtengoan ere geldialdia egingo du Ordizian. Prestakuntza eta musika uztartuko dituen egitarau zabala izango da asteburuan.
Ostiralean, 18:00etan hasita, dantza-masterclass bat eskainiko du Maitane Perez dantzari eta irakasle ordiziarrak. Dorretxean egingo du saioa, eta bertaratu nahi duenak aurrez izena eman beharko du.
Larunbatean, berriz, 19:00etan, Garagartza plazak udaberriko edizio honetako kontzertu nagusia hartuko du: Aimarz zumarragarra eta ASFA izango dira gonbidatuak, eta Nerea Garcia artista ordiziarra arduratuko da emanaldiari hasiera emateaz. Jardunaldia Dj Undercarroten saioarekin amaituko da.
Adur Ezenarro udalerriko alkateak ekintza hauen beharrezkotasuna azpimarratu du: “Gazteei zuzendutako ekimenak ezinbestekoak dira haien interesei eta beharrei erantzuteko, eta horregatik egiten dugu urte osoan ahalegin berezia gazteentzako eskaintza erakargarria sustatzeko”. Kulturak gazteengana ere iritsi behar duela gaineratu du, “gazteen hizkuntza, interes eta beharrekin bat eginda”.
2026ko Gazte Tour programa honek ere udazkenean Gipuzkoako beste zenbait udalerritan jarraipena izango duela aurreratu dute, Gipuzkoako gazteei zuzendutako musika eta prestakuntza proposamen berriak lurraldeko herri guztietara zabaldu asmoz.













