Legazpitik argia Kubara egitasmoaren aurkezpena, ostegunean
Habanako William Soler haurren ospitalean argindarraren hornidura bermatzeko dirua biltzea da egitasmoaren helburua. Hitzordua Kultur Etxean izango da, 19:00etan.
Legazpiar talde batek Legazpitik argia Kubara egitasmoa sustatu eta garatu nahi du, eta horren berri emateko bilera egingo dute ostegunean, ekainak 4, Kultur Etxeko areto nagusian, 19:00etan.
Kubako haurrek eta nerabeek bizi duten larrialdi humanitario egoera da egitasmo honen abiapuntua. Hango ospitaleetan argindarra bermatzeko diru bilketa egitea da helburua, bereziki haur eta gazteak artatzen dituzten ospitaleetan, eta mugimendu honen sustatzaileek azaldu dutenez, Habanako William Soler izango litzateke lehena.
Legazpitik argia Kubara egitasmoa aurkezteko bilerara herriko kultur, musika, kirol eta aisialdi taldeak, gizarte eragileak, auzo elkarteak, ikastetxeak, talde politikoak eta administrazio instituzionala daude deituta, “denon lankidetza ezinbestekoa baita larrialdi humanitario honen aurrean”.













