Musika doinuak biniloetan hariz josita
Iñigo Calvok ondu berri duen erakusketa ikusgai dago Altarten. Biniloetan hariz josi ditu 1980ko eta 1990ko hamarkadetatik gaur arteko musika taldeak.
Iñigo Calvo, Altarte elkarteko erakusketaren parean.Izaro Villarreal Iñigo Calvo Samaniego Samak (Ordizia, 1982) erakusketa berri bat inauguratu zuen joan den ostiralean Altamirako Altarte elkartean. Biniloetan hariz josi ditu 1980ko eta 1990ko hamarkadeetako estilo ezberdinetako hainbat musika talde. Ekainaren 28ra arte egongo da ikusgai, larunbatetan eta igandetan, 12:00etatik 13:30era bitartean. Lanegunetan bisitatu nahi duenak ere izango du aukera, aurrez 658 713 918 zenbakira deituta.
Musikazale amorratua izan da beti Calvo, eta gertutik jarraitu ditu musikaren eszenan azken urteetan ezagunak izan diren taldeetako asko. Musika talde batean ere jo zuen, eta gaur egun praktikatzen ez badu ere, beste modu batera bizi du musika. Zaletasun horrek erakarrita ondu du musikaren inguruko bigarren erakusketa hau. Denera, 26 talde hartu ditu abiapuntu eta horien artean dira, besteen artean Hell Beer Boys, Potrotaino, Gatibu, ACDC, Iron Maiden, Zea Mays, Fito & Fitipaldis, Ekeko el perro, The Clash eta beste hainbeste.
«Binilo bakoitza egiten zortzi, hamasei edota hogeita lau ordu pasatzen ditut, lan handia da».
Zortzi urtetan bigarrena
Musika beti inguruan izan badu ere, behin Peñiscolara oporretara joan zenean ikusi zuen aurreneko aldiz artisau azoka bateko gizon batek laserrarekin biniloetan erlojuak egiten zituela. Asko gustatu zitzaionez, horretan trebatzen hasi zen, eta aurreneko erakusketa orain zortzi urte jarri zuen Beasaingo Aterpe tabernan. Bigarrena da hau, eta zortzi urteetako lana izan da: «Binilo bakoitza egiten zortzi, hamasei edota hogeita lau ordu pasatzen ditut, lan handia da».
Plastiko batzuekin plantillak prestatzen ditu aurrena, ondoren taladroarekin zulo txikiak eginez osatzen du marrazkiaren perfila, eta amaitzeko, jostorratza eta hariarekin, zuloak lotuz joaten da irudiak osatu arte. Altarteko erakusketaz gain, Sugaar tabernan ere badu beste bat, Skate-aren ingurukoa, eta hura ere ikusgai dago.
«Oso gustura nago emaitzarekin, asko entretenitzen naiz, eta aurrera begira ere honetan jarraitu nahi dut».
Toki gehiagotara
Aurretik ere, collagearekin eta argizarizko margoekin egindako erakusketak ere ondu izan ditu ordiziarrak, eta aurrera begira ere, «esperimentatzen» jarraituko duela ziurtatu du: «Oso gustura nago emaitzarekin, asko entretenitzen naiz, eta aurrera begira ere honetan jarraitu nahi dut». Orain Altarten ikusgai dagoen erakusketa ere beste herri batzuetara lekualdatuko duela aurreratu du.













