Goierriko Mendizale Beteranoen ‘Euskal Herriko mugak oinez’ liburua kalean da
Euskal Herriko zazpi herrialdeen perimetroa oinez ezagutzeko proposamena eskaintzen du, 66 etaparen bidez. Eskuragarri dago jada, 25 euroko prezioan.
Goierriko Mendizale Beteranoek ondu duten Euskal Herriko mugak oinez liburua aurkeztu dute gaur goizean Ordiziako Herri Antzokian. Sua argitaletxeak kaleratutako lanak 2012 eta 2018 artean egindako ibilbidea du oinarri, eta Euskal Herriko zazpi herrialdeen perimetroa oinez ezagutzeko proposamena eskaintzen du, guztira 66 etaparen bidez. Aurkezpenean Juango Muxikak, Joxean Insaustik, Juango Ganzarainek eta Mikel Oiartzabalek hartu dute parte, egitasmoaren sorrera, garapena eta liburuaren edukia azalduta.
Argitalpenak Euskal Herriak Bizkaiko Golkoarekin, Kantabriarekin, Burgosekin, Errioxarekin, Aragoirekin (Zaragoza eta Huesca) eta Bearno zein Landekin partekatzen dituen mugen zeharkaldiak jasotzen ditu, eta etapa bakoitzaren deskribapen zehatza, mapak, informazio praktikoa eta ibilbideen trackak bildu dituzte. Guztira, 1.379 kilometroko bira osatzen du proposamenak, Urdaibaiko paduretatik Hiru Erregeen Mahairainoko bidea eginda, Ebro ibaia inguratu eta Bardeetako mortuak zeharkatuta.
Liburuaren aurreneko orrialdeetan taldearen historia ere islatu nahi izan dute. Goierriko mendizale Beteranoak sortu zirenetik gaur arteko talde-argazkiak bildu dituzte. Hamar horiez gain, beste hamarnaka argazki ere txertatu dituzte herrira begirako ekitaldian, bai azken urteetan batu diren kideenak, eta baita erreleboa eman behar izan duten beteranoenak.
Taldearen hastapenetatik parte hartu duen kiderik beteranoena da Muxika eta nabarmendu du esperientzia oso aberasgarria izan dela: «Urte hauetan guztietan elkarrekin ibiltzeak eta hainbeste jende ezagutzeak bizi-kalitatea hobetzea ekarri digu gutako askori. Gozamena izan da».
«Urte hauetan guztietan elkarrekin ibiltzeak eta hainbeste jende ezagutzeak bizi-kalitatea hobetzea ekarri digu gutako askori. Gozamena izan da».
Kasualitatez sortua
Egitasmoaren jatorria 2009an dago. Orduan osatu zuten gaur egungo taldea, eta inguruko mendi taldeek prestatutako ibilbideak erreferentzia hartuta hasi ziren txangoak egiten. Muxikaren esanetan, ez zuten hasieratik Euskal Herriaren perimetro osoa oinez egiteko asmorik.
«Bira bat amaitzen genuen bakoitzean beste bati ekiten genion, eta modu naturalean joan zen proiektua handitzen», azaldu du. Lehenik Euskal Pirinioetako bira egin zuten, Pasai Antxoko mendizaleek prestatutako materiala erabiliz; ondoren Nafarroako bira osatu zuten, Villabonako mendizaleen laguntzarekin, eta kostaldeko zein Arabako mugen inguruko beste hainbat lan ere baliatu zituzten. Bizkaia eta Kantabriaren arteko mugara iritsi zirenean erabaki zuten ibilbideari jarraipena ematea, Euskal Herriaren perimetro osoa osatu arte.
Helburua gauzatzeko sei urte behar izan zituzten. Egun bateko irteerak egiten zituzten, eta eguraldiaren arabera antolatzen zituzten jardunaldiak. Otsailaren erdialdean hasten ziren ibiltzen, udan etenaldia egiten zuten, eta irailetik azarora arte berriz ekiten zioten bideari.
«Egitasmo sakona eta aberasgarria da; gure lurraldea beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera ematen du, eta mendizaletasunarentzat ekarpen baliotsua da»
Talde lanaren emaitza
Liburua talde osoaren ekarpenari esker osatu dute. Muxikak urte luzez irteeretako argazkiak eta datuak biltzeko ohitura izan du, eta beste hainbat kidek kronikak idazten zituzten. Material hori guztia ibilbideen informazio teknikoarekin, denborekin eta bestelako datuekin osatu dute.
Argitalpen-prozesua luzea izan da. 2023ko maiatzean egin zuten lehen bilera Sua argitaletxearekin, eta hiru urte inguruko lana behar izan dute proiektua amaitzeko. Taldekideek adierazi dute prozesu osoa «gustura eta ilusioz» bizi izan dute, eta emaitzarekin «pozik» daudela. Taldearen kohesioaren gakoa ere azpimarratu dute: etapa guztiak elkarrekin hasi eta elkarrekin amaitzea.
Euskal Herriko mugak oinez liburua gaurtik aurrera dago eskuragarri, 25 euroko prezioan. Egileek mendizaletasuna eta herriaren ezagutza uztartzen dituen lan sakon eta interesgarritzat jo dute, Euskal Herriko mugak eta bazterrak ezagutzeko gonbidapen gisa. «Egitasmo sakona eta aberasgarria da; gure lurraldea beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera ematen du, eta mendizaletasunarentzat ekarpen baliotsua da», adierazi du Muxikak.
Aurkezpeneko argazki gehiago:














