‘La fuerza del silencio’ film laburra Feroz Sarietan izendatua
Etiopiako Tigray eskualdean emakumeek jasandako indarkeria sexuala azaltzen du. Iñaki Luis lazkaotarra filmaren produktorea izan da.
Iñaki Luis eta Egoaizia elkarteko kideak.Luz Norte Films Iñaki Luis lazkaotarrak produktore bezala lan egin duen La fuerza del silencio [Isiltasunaren indarra], Fugaz Sarietan film labur dokumental onenaren kategoriarako izendapena jaso du. Datorren ekainaren 22an da sarii emate ekitaldia. Beste hainbat sari ere jaso ditu proiektu horrek.
Film labur horrek, Etiopiako Tigray eskualdeko Letebirhanen –protagonistari jarri dioten fikziozko izena– 17 urteko neska baten bizitza kontatzen du. 2020tik eskualde hartan sarraski «bihozgabe» bat dagoela dio Luisek: «Bortxaketa gerrako arma moduan erabili dute, eta 100.000 kasutik gora daude». Gaineratu du emakume horiek familiak eta lagunek «baztertu» egiten dituztela.
Dokumental horren narratiba kafearen «zeremonia» bat dela adierazi du produktoreak. Zeremonia horiek balio «sinboliko» handia dutela esan du Luisek, kafea bertan «sortzen» delako: «Emakume horiek sufrimendua elkarbanatzeko guneak dira».
“Bortxaketa gerrako arma moduan erabili dute, eta 100.000 kasutik gora daude”
“Kafe saltzailea da eta laguntza psikologikoa jasotzen ari da”
Iñaki Luis. ‘La fuerza del silencio’ film laburraren produktorea
Gune horiek saretzen Eibarko Egoaizia Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundea (GGKE) aritu da. Hiru fasetan «banatzen» direla kafearen zeremoniak aipatu du Luisek: «Abol, Tona eta Baraka». Fase horietako bakoitzaren inguruan ere mintzatu da: «Lehenengo fasea sendakuntza fisikoan datza; bigarrena psikologikoan; azkena, emakume horiek gizarteratzean oinarritzen da».
Lan taldea
La Fuerza del Silencio [Isiltasunaren Indarra] film laburreko lantaldea zein den nabarmendu du Luisek: «Egoaizia eta eLankidetza produktore exekutibo moduan aritu dira; Samuel Vela izan da zuzendaria; JCL adimen artifizial zuzendaritzan aritu da; Pablo Acevedo soinu banda egiten; azkenik, Hafton Teka dron operadore moduan». Gehitu du «oztopo» asko izan dituztela.
Produktore lazkaotarrak dioenez, aurreko Fugaz saridunak Kongoko (Afrika) «indarkeria sexualaren» inguruko dokumentala egin zuen: «Beraiek 20 pertsonako lan taldea ziren, aurrekontu altuarekin eta bi urte pasa zituzten grabatzen».
Lazkaotarraren lan taldeak baliabide «gutxiagorekin» egiteak, jendea «harritu» duela dio Luisek. Gainera, «irisgarritasuna» eta «sentsibilizazioa» zutela helburu aitortu du.
Egoaizia
Hamazazpi emakumek osatzen duten Eibarko GGKE bat da Egoaizia. 2000. urtetik ari da Hego Amerika eta Afrikako krisi, larrialdi eta hondamendi klimatikoen egoerei laguntzen. Egoaizia 2022an iritsi zen Etiopiara. Luisek dio elkarte horrek «lagundu» diela Tigrayen: «4YBINek itzultzaileekin eta garraioarekin lagundu ziguten». Gaur egun, filmeko protagonistari «laguntzen» elkarte hori ari zaio: «Kafe saltzailea da eta laguntza psikologikoa jasotzen ari da».













