Lazkao Txiki gogoratuko dute denboraldiko azken 'Hitzetik Hortzera' saioan
Aurten 100 urte betetzen dira Joxe Miel Iztueta ‘Lazkao Txiki’ jaio zela, eta hura gogoratzeko Inaxio Usarralderekin eta Joxepa Madariagarekin hitz egin dute. Lazkaoko bertso bazkarirako bertsoaldi onenak ere emango dituzte saio berean.
Mirari Martiarena 'Hitzetik Hortzera' saioaren aurkezlea, Inaxio Usarralderekin eta Joxepa Madariagarekin Lazkao Txiki zelaian, Lazkaon. Hitza Denboraldiko azken programa du larunbatean Hitzetik Hortzera bertsolaritza saioak eta, agur esateko, Joxe Miel Iztueta Kortajarena Lazkao Txiki-ri buruzko programa osatu dute. Lazkaoko Gerriko Elkarteak urtero egiten du Lazkao Txiki Gogoan izeneko ekitaldia, izenak dioen bezala, Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria gogoratzeko. Aurten urteurren berezia izan da: irailean 100 urte beteko dira Lazkao Txiki jaio zenetik. Hitzetik Hortzera-ko lantaldeak ere urteurren horren aitzakian bi lagun elkartu ditu, Lazkao Txiki zenari buruz hitz egiteko: Inazio Usarralde eta Joxepa Madariaga.
Gerriko Elkarteko kideak dira Usarralde eta Madariaga eta maitasunez eta miresmenez gogoratzen dute Lazkao Txiki. Diotenez, omenaldia ez da egun bateko kontua izaten soilik, Lazkaon oso presente dagoelako Lazkao Txikiren figura, eta eguneroko elkarrizketetan askotan aipatzen baitira haren bertso eta pasadizoak. Hartara, bertsolariak emandakoa gogoratuko dute aste honetako programan.
Lazkaoko bertso bazkaria eta Lazkao Txikiren bertsoak ere, ikusgai
Lazkao Txiki Gogoan ekitaldiaren ondoren bertso bazkaria egin zuten herriko Gerriko Elkartean, eta hango bertsoaldiak ere emango dituzte larunbateko saioan. Kantuan Aitor Sarriegi, June Aiestaran eta Nerea Elustondo aritu ziren.
Bertsoaldi horiekin batera, Lazkao Txikiren hainbat bertsoaldi ere izango dira ikusgai. Eta harekin batera kantuan entzungo dira Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Xabier Amuriza eta Xabier Euzkitze, besteak beste.
Larunbat gauean da emanaldia, 21:00etan.

Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga, ‘Hitzetik Hortzera’ saioaren grabazioan.Hitza













