Legazpiko futbol txapelketa kuttuna hasi da
Maiatzaren 29an hasita, uztailaren 4ko finalera arte astebururo izango dira partidak Irene Paredes futbol zelaian. Aurten ia 500 jokalari ari dira lehian, 37 taldetan bilduta.
Abiatu da Legazpiko Futbol-Zazpi txapelketa herrikoia. Aurtengoa hamazazpigarren aldia da, eta berrikuntzekin iritsi da, Legazpiko Gazteak elkarteko antolakuntza batzordean aldaketak izan direlako. Aurreko taldeak erreleboa eskatu zuenean, herritarrek erantzun «aparta» erakutsi zuten, eta sortu den talde berriak «inoiz baino indar gehiagorekin» heldu dio herriko gazte gehienak biltzen dituen kirol topaketa honen prestaketari.
«Aldaketa nabaria» izan da antolakuntzan. Azaldu dutenez, «aurretik zeuden kideei erreleboa emateko jende gazteagoa sartu gara, ideia berriekin iritsi gara, eta urte batzuetan behintzat txapelketa honetaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek».
Joan den ostiralean hasi ziren partidak, eta uztailaren 4ko final handira arte futbolak ez du etenik izango Irenen Paredes kirol gunean. Astebururo egongo dira partidak.
37 talde, 500 jokalari
Aurten 37 talde ari dira parte hartzen, izen berezikoak eta 16 urtetik gorako ia 500 futbolariz osatutakoak. Neskenak, mutilenak eta mistoak dira. Halako partaidetza handiarekin, antolaketak zailtasunak ditu, talde kopuruagatik batetik, baita futbol zelaiaren erabilgarritasunagatik ere. «Egia da jardunaldiak finkatzeko garaian arazoak izaten ditugula», aitortu dute antolakuntza batzordekoek, hasteko, Ilintxak futbol zelaia beharrezkoa duelako. «Hala ere, haien ordutegia errespetatuz, gure ordutegiak finkatu ditugu, eta ostiraletan partidak arratsaldeetan eta larunbat eta igandeetan egun osoz izango dira».
Taldeak multzotan banatu dituzte hasteko, eta bi asteburuz luzatuko dira sailkapeneko lehen jardunaldiak. Ondoren, kanporatze faseari emango diote hasiera ekainaren 13ko asteburuan, hau da, final zortzirenei. Ekainaren 20koan final laurdenen txanda izango da, eta ekainaren 27koan, finalerdienak. Finala uztailaren 4an izango da.
Finala, eta festa
Txapelketaren finala uztailaren 4ko goizean jokatu da, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidaren ondoren. Bi kanporaketen tartean jolasak izango dira futbol zelaian, babesleen eskutik. Finala amaitutakoan, sariak banatuko dituzte bertan.
Antolatzaileek erabat itxi gabe dute finalarekin batera ospatuko den festa. Azaldu dutenez, «aurreko lanak ez dira gauza erraza, eta antolakuntzako partaide guztien inplikazioa beharrezkoa da». Hala ere, egunak urteroko eskema izango duela aurreratu dute. Hala, sari banaketaren ondoren, herri bazkaria izango da eta gero, ZKER elektrotxarangarekin alaituko dute arratsaldea.
Babesle ugari
Horrelako txapelketa batek antolakuntza lan handia eskatzen du, eta horren barruan sartzen da babesleak aurkitzea. Aurtengoak lotuta dituzte: Legazpiko Gaztetxea, udala, Txo!Esna txosna batzordea, Ilinti merkatari elkartea, KTE kaleko tabernari Elkartea, Arbizu edariak, Matxete ile apaindegia, Txepetxa taberna, Aitxuri jatetxea, Okela harategia, eta Attiko eta Zuzen diseinu grafikoko estudioak.
Horiei guztiei esker, irabazleentzako sari eta garaikurrez gain, partaide guztiek kamiseta bana izango dute.
Hona hemen txapelketan parte hartzen ari diren taldeetako batzuk. ARGAZKIAK: @futbolzazpilegazpi















