Usadiozko ekintzekin ospatuko dute Corpus eguna Legorretan
Haur eta helduen krosak, aizkora apustua, txapelketak eta meriendak izango dira.
Legorretako 45. Corpus krosaren irudia, iaz. Hitza Larunbatean ospatuko dute legorretarrek Corpus eguna. Ohiko moduan, eguna kirola eginez hasiko dute, haurren eta helduen XVLI. krosa jokatuko baita. 10:30ean, adinaren araberako distantzia osatu beharko dute korrika: benjamin, alebin, infantil eta kadete mailetan. 11:30ean jokatuko da helduen proba, 7,5 kilometrokoa. Ostiral iluntzera arte dago izena emateko aukera www.kirolprobak.com webgunean, eta egunean bertan, 11:00ak arte, plazara gerturatuta.
Krosa bai, baina eguerdira arteko ekitaldiak ez dira hor amaituko. 13:30ean, aizkora apustuaz gozatzeko aukera izango dute. Mikel Lasa eta Aratz Esnaola aizkolarien arteko desafioa jokatuko da, lau enborrera.
Arratsaldean, berriz, usadiozko ekintzen txanda izango da: 18:00etan, 35. Ardo Beltz txapelketa dastaketa izango da plazan; udalak ere sagardoa eta ardoa eskainiko die herritar eta bisitariei. Ondoren, merienden txanda izango da, eta amaitzeko, Joselontxos txarangarekin egingo dute kalejira.













