Larunbateko bizikleta festarako prest dago Hegialde
Xabier Ortiz de Luzuriaga gogoratzeko 21. mendi bizikleta martxa egingo dute goizean, 200dik gora partaiderekin. Paella eta musika izango dira amaieran, eta arratsaldean mus txapelketa eta musika gehiago.
Azken prestaketa lanak eginda, Hegialde eta Legazpi inguruko mendiak prest daude larunbatean Xabier Ortiz de Luzuriaga bizikleta martxa hartzeko. Hogeita batgarren edizioa izango da, eta 212 partaide izango ditu. Goizean hasita, festa giroa izango da auzoan, arratsalderako beste ekitaldi batzuk ere prestatuta daudelako.
Txirrindulariek 08:00etatik aurrera jaso ahal izango dituzte dortsalak, Laubideko kale nagusian. Gero, 09:15ean aterako dira 36 kilometroko luzera eta 1.300 metroko desnibela duen mendi ibilaldia egitera. Lehen partaideak 11:30 inguruan iritsiko dira helmugara, eta azkenak 14:00 igarota iritsi daitezke. Guztientzako pintxoak eta edariak izango dira, baita paella ere. Bizikleta martxan parte hartzen ez dutenek ere izango dute paella jateko aukera, han bertan txartela erosita.
Kamiseten banaketa eta oparien zozketa ere egingo da ibilaldia amaitzean, eta musika ere izango da tarte batean, Xabier Ortiz de Luzuriaga zenaren kuadrillakoek zuzenean joko baitituzte abesti batzuk, 13:00 inguruan.
Musika eta musa, arratsalde-gauean
Mendi bizikleta martxa hau hurrengo asteburuan ospatuko diren Hegialdeko jaien atarikoa izango da, eta giro paregabea jarriko du auzo gune horretan goizean. Baina arratsaldean ere izango dira ekitaldi gehiago, bertako tabernen inguruetan.
Hala, 16:00etan hasita, mus txapelketa jokatuko da Insausti tabernan. Gero, 17:00etatik 22:00etara, Prehegis disko festa ospatuko dute Laubide jatetxean Woolen musika jartzailearekin.

Bizikletentzako mendi ibilbidea prestatzen jardun dute boluntarioek azken egunetan.












