Mende laurdena sareak ehuntzen
Igartubeiti baserri museoak 25 urte betetzen ditu aurten. Urteurrena ospatzeko jarduera ezberdinak antolatu dituzte urte amaierara bitartean.
2001ean ateak ireki zituenetik 170.006 bisitari gerturatu dira Igartubeitira. Igartubeiti Mende laurdena beteko da abuztuan Ezkioko Igartubeiti baserri museoak lehenengoz ateak ireki zituenetik. 25 urte horietako ibilbidea komunitatearekin ospatu nahi dute Igartubeitin, eta ekintza sorta antolatu dute urte amaierara bitartean. Lehenengoa larunbat honetan izango da.
Gaur egun ezagutzen dugun museoaren hastapenak arakatzeko ordea, 2001eko abuztu hartatik atzera egin behar da. 1993an zehaztu zen baserriaren etorkizuna, Gipuzkoako Foru Aldundiak eraikina erosi zuenean. Fermin Leizaola etnografoak (Donostia 1943-2025) ere izan zuen eraginik, Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko koordintzaileak esan duenez: «Orain 35 urte baserriak gainbeheran zeudela eta Igartubeiti mantendu eta erakusgai jarri behar zela uste zuen. Aldundiaren helburua ere horixe zen, baserrietako garai bateko bizimodua transmititu eta balioan jartzea». Igartubeitik, XV. mendeko baserri guztiek bezala, dolare baserria izatearen berezitasuna zuen, «sagardoa egiteko fabrikak ziren».
Hastapenak
Hasieran, baserria ezagutzeko bisita gidatuak egiten ziren soilik. Ondo gogoratzen ditu hasiera haiek Ugarteburuk, «jende asko hurbiltzen zen, nobedadea zen», dio. Sagardo Astea eta Barrikotea ere hasieratik antolatzen zituzten, dolare baserrien egitekoak ezagutzera emateko. Sei urte beranduago eraiki zen interpretazio zentroa mugarri izan zen museoaren bilakaeran, «saltoa suposatu zuen. Bisita gidatuez gain, bestelako jarduerak antolatzeko aukera eman zigun eta talde handiagoak artatzeko bideak ireki», dio.
Museoa garatuz eta aldatuz joan da ordutik eta sarea zabalduz joan da elkarlanari dagokionean ere. «Museoan funtzioak bilakaera bat izan du orokorrean, areago gurean. Guk ez daukagu bildumarik, ez dugu ikertzen. Lehen museoak itxiagoak ziren, gaur egun bisitarien parte hartzea ere bilatzen da», azaldu du. Igartubeiti Europa mailako Patrim 4.0 proiektuko kide da 2016tik, arte garaikidea eta landa ingurunea lotzen dituzten jarduerak sustatzeko. Inguruko artistekin elkarlana ere areagotu da eta Ezkio-Itsasoko eskolarekin eta herritarrekin ere proiektuak sustatzen ditu.
Bisitariak ere aldatuz joan dira urteen joanean. Atzerritar gehiago gerturatzen dira Ezkioko museora eta familiak eta eskoletako bisitak ere gehiago dira. Iaz 8.000 bisitariren langa gainditu zuten eta aurten ere ildo beretik jarraitzea da helburua. 25 urte hauetan 170.006 izan dira Igartubeitira gerturatu diren bisitariak.
Etorkizuna
Etorkizunari begira orain arteko bideari jarraipena ematea da asmoa, «landa inguruneak dituen erronken inguruan» hausnartuz. Ezkio-Itsasoko eskolarekin ere lankidetzan jarraituko dute eta museoa irisgarriagoa egiteko lanean sakondu, «museoa etorri ezin duten horiengana gerturatuz». Kalitateari dagokionean, Sagardo Astean Erronka garbia zigilua lortzeko pausoak ere ematen ari dira. 25. urteurrena ere badute jomuga. Larunbatean hasiko dira ospatzen Sagarra ehuntzen: 25 urte sarean jarduerarekin eta azaroan berriz, eskualdeko bost artistekin lankidetzan erakusketa bat irekiko dute.
Zumitzezko sagar kolektiboa 25 urteetako elkarlana irudikatzeko
25. urteurrena ospatzeko lehendabiziko jarduera larunbatean izango da Sagarra ehuntzen: 25 urte sarean izenburupean. Itziar de la Granja artisauaren gidaritzapean zumitzezko sagar egitura bat egingo dute, elkarlanean. Ezkio-Itsasoko eskolako haurrek sagar erdiaren egitura egina dute dagoeneko eta beste erdia egingo dute larunbateko saioan. Ondoren, Sagardo Astearen baitan osatuko dute eskultura eta ikusgai izango da museoan.
Sagarra urte hauetan ehundu duten sarearen sinboloa dela diote Igartubeititik: «Lotura, lankidetza eta istorio bakoitzak bat eginez zerbait handiagoa osatzen duen espazioa». Zumitz adarrek berriz, elkartasunari egiten dio erreferentzia, «gure museoa pertsona guztien parte hartzeari esker bizi delako», azpimarratu dute.
Artisauak saskigintzari buruzko bitxikeriak azalduko ditu eta ondoren, zumea erabiliz kabi teknikarekin sagar kolektiboa ehuntzeko zatiak sortuko dituzte. 16:30ean emango diote hasiera eta saio doakoa den arrean, aldez aurretik izena eman behar da parte hartzeko. Izen ematea igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean edo 943 72 29 78 telefonoan egin daiteke.












