Mundutik Legazpira, aniztasuna aldarrikatzen duen elkartea
Jatorri ezberdineko herritarren arteko bizikidetza dute oinarri. Sarean egingo dute lan, herriko beste eragileekin elkarlanean. Aurkezpen ekitaldi ofiziala aurrerago egingo dute.
Mundutik Legazpira elkarte soziokulturalak bere burua aurkeztu du egun hauetan, ibilbidea duela bi urte hasi bazuen ere, udalaren eta Hotz Legazpiren eskutik Kulturen arteko Eguna berreskuratu zenean. Topaketa hartan, gogoratu dute, «udalerrian elkarrekin bizi garen jatorri askotako pertsonek loturak estutzeko beharra sentitu genuen».
Handik abiatuta, herrian erroldatu berriei harrera egiteko lankidetza proposatu zien udalak, «guregan haien herrialdearen zati txiki bat aurkitu zezaten, eta laguntza emango zien herrikide bat izan zezaten, herria erakutsi eta lagun egingo ziena». Horrela sortu zen Enbaxadoreak figura, eta gaur egun 13 lagunek osatzen dute taldea. Haietako batzuk urrats bat gehiago egitea erabaki zuten, eta ofizialki elkarte gisa eratu dira, egiten duten lanari jarraipena eta sendotasuna emateko. Horixe izan da Mundutik Legazpira elkartearen sorrera.
Elkarte horretako kideek gogorarazi nahi dute Legazpin «52 herrialde desberdinetatik etorritako pertsonak bizi garela» eta aniztasun hori «gure kaleetan eta eskoletan nabarmena» dela. Mundutik Legazpira elkartea «errealitate horien guztien arteko bizikidetza» sustatzeko sortu dela azaldu dute, eta «euskara eta partekatzen dugun euskal kulturaren erroa oinarri eta topagune komun gisa» hartu dutela nabarmendu dute.
Kultura aniztasuna
Elkarte soziokulturala da Mundutik Legazpira, eta lau ardatzetan oinarritu du egin nahi duen lana. Batetik, Legazpiko hizkuntza eta kultura aniztasuna balioan jarri nahi du, eta horrela, «migrazio kulturak gonbidatu izatetik tokiko biztanleriarekin batera protagonista aktibo» bihurtuko dituzte. Bestetik, herrira lehen aldiz iristen direnei laguntza eta harrera egingo diete, «haien integrazioa erraztuz, eta elkarren arteko babesa eta esperientzien trukea sustatuz». Gainera, tailerrak, hitzaldiak, topaketak eta kultur adierazpenak antolatuko dituzte, «herritar guztien artean elkarrizketa eta sentsibilizazioa bultzatzeko». Eta azkenik, tokiko administrazioarekin bitartekari eta zubi lana egingo dute, besteak beste «udalerrirako agenda bateratua elkarlanean eta adostasunez garatzen lagunduz».
Mundutik Legazpira «sarean lan egiteko borondatearekin» jaio dela nabarmendu dute, eta gainerako eragile sozialekin elkarlanean aritu nahi dutela. «Gure herriko engranajeko pieza bat gehiago izan nahi dugu, eta elkarren errespetua sustatuko duten proiektuetan parte hartu».
Zuzendaritza taldea
Elkartea martxan dago, eta talde eragilea osatuta dute. Hauek dira partaideak: Nikaraguako Karen Suyapa Salgado Zeledoon, Hondurasko Jeovany Joseph Martinez Soliman, Mendebaldeko Saharako Tkeira Bumorah Tahr, Venezuelako Mariana Eguibar Brigante, Pakistango Mohamad Zaki Ahmad Bibi, Kolonbiako Karen Yurani Montes Castillo, Argentinako Alan Nicolas Diaz, Kubako Sonia Horrego Rodriguez eta Dominikar Errepublikako Leannetty Elizabeth Cuello Matos.
Aho batez adierazi dute guztiek «badakigu elkarte sarea dela Legazpiren bihotza», eta horregatik «oso pozik» daudela «gure herriko pieza bat gehiago bihurtzeko urrats hau eginda». Bideari hasiera ofiziala emateaz «harro» sentitzen direla ere esan dute, «gure energia zuenarekin bat egiteko irrikaz gaude».
Aurreago herritar guztientzako aurkezpen ekitaldi ofizial bat egingo dutela ere iragarri dute. «Bitartean, zuen esanetara gaude; gure ateak zabalik daude elkarrekin pentsatu eta eraiki ditzakegun edozein ideia, kontsulta edo proiektutarako. Izan ere, Mundutik Legazpira osatzen dugu jada herri honen parte garen pertsonek, eta zuekin batera hazten jarraitu nahi dugunok».
Munduko dantzak, ostegunero, gaur hasita
Mundutik Legazpira elkartea lanean ari da dagoeneko, eta gaur hasita, munduko dantzak erakusteko saioak eskainiko ditu Korosti dantza taldearekin batera. Haztegi ikastolako aretoan izango dira, 18:00etatik 19:00etara, uztail amaierara arte, ostegunero. Irailean eta urrian ere izango dira saio gehiago.
‘Dantza, kulturen arteko zubia’ leloa daraman jarduera da, doakoa eta adin guztietako herritarrei irekia. Dantza egiteko eta tradizio berriak ezagutzeko aukera izango da. Hasteko, euskal dantza, Saharako dantza, merenguea, salsa, batxata, reparto kubatarra eta afrikar erritmoak landuko dituzte.













