Atxurbidek goitik ospatu du elkartearen 50. urteurrena asteburuan
Ostiralean, pala partidak izan ziren Igarondon eta larunbatean Atxurbideren festa egin zuten herri kirol saio batekin.
43 urteren ondoren, Atxurbideren festa egin dute asteburuan, elkartearen 50. urteurrenaren harira. Atxurbide elkarteak 1976ko urtarrilean ireki zituen ateak eta, hainbat ekintza egin dituzte aurten, urteurren borobila ospatzeko.
San Blas jaietako pregoiarekin hasi zituzten ospakizunak. Gero, maiatzean Florentino Goiburu bertso paper lehiaketako sari banaketaren aitzakian, bertso afaria egin zuten Amets Arzallus eta Aitor Mendiluzerekin. Azkenak, momentuz, asteburu honetan izan dira.
Ostiralean pala partidua izan zen Igarondon, Unanue (Arama) eta Etxeberria (Itsasondo), Ormazabal (Zegama) eta Muñoaren (Idiazabal) aurka aritu ziren. Larunbatean berriz, elkartearen festaren baitan, herri kirol saioa egin zuten Zepai kalean, elkartearen parean. Gari Garmendia eta Xabier Aranburu Guzta aritu ziren harri jasotzen eta Aitor Urteaga eta Xabier Dorronsoro zeraindarra aizkoran. Amaitzeko, trontzan, txingan, oskol biltzen eta korrikan erakustaldia egin zuten Idiazabal herri kirol taldeko kideek.
Antolatzaileak gustura geratu dira asteburuak eman duenarekin. Oso giro onean egin zen festa eta jende ugari gerturatu zen bertara. Idiazabalgo herri kirol taldeko kideek ere erakustaldi “bikaina” egin zuten. Amaitzeko, afaria egin zuten elkartean.






























