Sugorriren azken dantza: San Joan gauaren amaiera
Erreleborik ezak eta pilatutako nekeak amaiera ekarri diote Ordiziako San Joan bezperako akelarreari; Sugorri taldeak antolatuko duen azken dantza izango da aurtengoa, ia 60 urtez boluntarioen konpromisoari esker bizirik iraun duen tradizioari agur esanez.
Sugorri taldeko kideetako batzuk. Hitza Ordiziako San Joan bezpera ezin da ulertu urte luzez Sugorrik antolatutako akelarrerik gabe. Sua, sorginak, dantzak, mitologia eta protesta uztartu dituen ikuskizuna herriko identitatearen parte bihurtu da belaunaldi askorentzat. Aurten, ordea, Garagartza plazako dantzek beste esanahi bat izango dute: agurrarena.
Erabakia ez da ustekabekoa izan. Taldeko kide Mertxe Aizpuruk azaldu duenez, urteetako hausnarketa prozesu baten ondorio da. Izan ere, antolatzaileek aspalditik sumatzen zuten parte-hartze aktiboaren beherakada, eta urtez urte gero eta pertsona gutxiagoren gain geratzen ari zen antolakuntza lan guztien ardura.
Aizpururen hitzetan, joera hori ez da berria. «Azken urteetan hainbat herritar gazte batu dira noizbehinka ekimenera, baina kasu gehienetan ez da jarraipenik egon. Horren ondorioz, antolakuntza, prestaketa eta koordinazio lanak pertsona berberen esku geratu dira behin eta berriz», azpimarratu du Aizpuruk. Urteek aurrera egin ahala, egoera horrek nekea eta higadura eragin ditu taldearen barruan.
Aurtengo deialdiak ere agerian utzi zuen arazoaren tamaina. Hamabost herritarrek soilik erakutsi zuten ekimena aurrera ateratzeko prestutasuna, baina antolatzaileek ikusi zuten «ezinezkoa» izango zela kopuru horrekin azken urteetan eskaini izan duten moduko antzerki muntaketa osoa egitea. Hori dela eta, orain sei hamarkada abiarazitako etapari amaiera emateko unea iritsi zela ondorioztatu zuten.
«Azken urteetan hainbat herritar gazte batu dira noizbehinka ekimenera, baina ez da jarraipenik egon. Antolakuntza eta koordinazio lanak pertsona berberen esku geratu dira».
Erreleborako ahaleginak
Akelarrearen amaiera ez da izan, ordea, taldearen lehen aukera. Azken erabakia hartu aurretik, Sugorriko kideek hainbat saiakera egin zituzten ekimenak jarraipena izan zezan. Herriko eragile, erakunde eta talde ezberdinekin harremanetan jarri ziren, antolakuntzaren lekukoa hartzeko aukerak aztertzeko asmoz. Saiakera horiek, ordea, ez zuten emaitzarik eman. Ez zen talde motor berririk osatu, eta inork ez zuen ekimenaren gidaritza bere gain hartzeko pausorik eman.
Hala ere, Aizpuruk azpimarratu du beste eragile batek etorkizunean akelarrea berreskuratu edo berrasmatu nahiko balu, agian urte hauetan guztietan parte hartu duten herritar asko laguntzeko prest egongo liratekeela. Arazoa ez baita parte hartzeko borondatea bera, antolakuntza iraunkorra eta konpromiso luzerakoa bermatuko duen talde egonkor baten falta baizik.
«Hasierako urteetan dantzak ziren ekitaldiaren ardatza, baina pixkanaka antzerkiak protagonismo handiagoa hartu zuen».
Herri baten historia
Ordiziako San Joan bezperako suaren tradizioak ia sei hamarkadako ibilbidea du. Urteren batean etenaldi puntualak izan diren arren, herriko jaietako elementu iraunkorrenetako bat bihurtu da denborarekin, herritarren borondatezko lanari esker aurrera atera dena.
Akelarrearen jatorriari dagokionez, ez dago kontakizun zehatzik. Hala ere, Aizpururen esanetan, Ordizia izan zen suaren inguruko ikuskizun herrikoi horri forma ematen hasi zen lehen herrietako bat: «Hasierako urteetan dantzak ziren ekitaldiaren ardatza, baina pixkanaka antzerkiak protagonismo handiagoa hartu zuen». Garairik oparoenetan ia ehun lagun inguru aritu izan dira zuzenean akelarrean parte hartzen.
«Urteetan egindako lana eta inplikazioa aitortzea nahi dugu, eta ulertzea, tradizio batek bizirik iraun dezan ikusleak ez ezik, parte-hartzaileak behar dituela».
Azkena ohikotik aldenduta
Aurtengo ekitaldia aurreko urteetakoetatik ezberdina izango da. Antolatzaileek erabaki dute ez dela ohiko antzerkirik egingo, eta dantzek hartuko dute protagonismo nagusia. Erabaki hori, neurri batean, parte-hartzaile kopuru mugatuaren ondorio bada ere, badu esanahi sinboliko nabarmena.
Sugorri taldeak agur ekitaldi gisa ulertzen du aurtengoa. Horregatik, urte hauetan guztietan parte hartu duten herritarrak berriz elkartzen saiatzen ari dira, azken aldiz plaza berean dantzatzeko eta egindako bidea elkarrekin gogoratzeko.
«Amaiera mingarria»
Taldeko kideek ez dute ezkutatzen sentitzen duten tristura. Hamarkadetan eraikitako proiektu bati amaiera ematea «mingarria» dela aitortzen dute, batez ere jarraipena emango dion belaunaldi edo talde berririk aurkitu ez dutelako. Hala ere, azken emanaldiak herritarren artean hausnarketa eragitea espero dute: «Urteetan egindako lana eta inplikazioa aitortzea nahi dugu, eta bide batez ulertzea, tradizio batek bizirik iraun dezan ikusleak ez ezik, parte-hartzaileak behar dituela».
Hiru entsegu hitzordu, astelehenean hasit
Oraindik ere aurtengo edizioan parte-hartzeko aukera izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Interesdunek datorren astetik aurrera egingo dituzten entseguetara azaldu beharko dute. Ekainaren 15ean hasita, hiru entsegu hitzordu egin dituzte, astelehenean bertan eta ekainaren 18 eta 22an, Aranan. Azken su txinpartez «elkarrekin» gozatzeko deia egin du antolakuntzak, eta azken urte hauetan guztietan egindako lanari «aitortza» egitea dute asmo nagusia.














