Olaberriko baserrien arrastoari jarraituz
‘Olaberriko Baserriak’ liburuaren aurkezpen ekitaldia egin dute. Ekitaldiaren amaieran bertaratutako herritarrei liburuaren aleak banatu dizkiete.
Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. Olaberriko Baserriak liburuaren aurkezpen ekitaldia egin dute Olaberriko kultur areto berrian. Herriko baserrien historia eta ondarea jasotzen dituen lana da, hainbat mendetako memoria biltzen duena. Liburua Olargi memoria historikoko taldeak sustatutako ikerketaren emaitza da, eta taldearen ordezkari gisa, ekitaldian, Mari Jose Insaustik eskerrak eman dizkie herritar guztiei zein proiektuan parte hartu duten guztiei.Herriko alkate Jokin Garmendia pozik agertu da egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin, nahiz eta aitortu duen “izen asko ezin izan direla liburuan jaso”.
Liburuaren ikerketa eta idazketa lanak Aranzadi Zientzia Elkarteak eraman du aurrera. Aurkezpenean proiektuko hainbat kide izan dira, tartean Arantxa Agirre olaberritarra. Azaldu dutenez, duela 20 bat urte inguru hasi zuten proiektua, baina hainbat “gorabeheraren” ondorioz eten egin behar izan zuten. Duela bi urte berriz heldu zioten lanari, orain arte. Hauek ere eskerrak eman dizkiete herritarrei, baserrietako ateak zabaldu eta informazioa partekatzeko erakutsitako prestutasunagatik.
Jardueraz jositako ekitaldia
Aurkezpena ekitaldi berezia izan da, kultur adierazpenez betea. Musikak eta dantzak protagonismo handia izan dute: txalaparta doinuak, Olaberriko Musika Eskolako ikasleen emanaldia, ikus-entzunezko proiekzioa, bertsoak eta dantza-saioak izan dira ikusgai.
Kultur aretoa olaberritarrez bete da, eta ekitaldiaren amaieran bertaratutako herritarrei liburuaren aleak banatu dizkiete.













