Olaberriko baserriei buruzko liburua osatu dute, «arbasoen omenez»
Olaberriko 80-100 baserri bildu dituzte ‘Olaberriko baserriak’ liburuan. Igandean aurkeztuko dute herriko kultur areto berrian, 12:00etan. XV. mendean eraikitako baserriak dira zaharrenak.
Olaberriko Bengoetxea Txiki baserriak 1401. urtean dauka jatorria.Lide Egizala Olaberriko Baserriak liburua aurkeztuko dute igandean, 12:00etan, Olaberriko kultur areto berrian. Herriko 80-100 baserri biltzen dituen liburua da, Olargi memoria historikoko taldeak egindako ikerketaren emaitza. Baserri guztiek «100 urte baino gehiago» dituztela azaldu du Aitor Urkiola Olargi Taldeko kideak.
Liburua idazteko proiektua Aranzadi Zientzia Elkarteak eraman du aurrera. Igandean Aranzadiko Alfredo Moraza eta Arantxa Agirre egongo dira aurkezpen ekitaldian. Agirre Aranzadiko kide izateaz gain, «olaberritarra eta baserriko alaba» dela adierazi du Urkiolak.
Liburuaren aurkezpena
Ekitaldia berezia antolatu dute iganderako. Hasiera emateko «herriko apaizari kanpaiak jotzeko» eskatu diote Olargiko kideek, «06:00etan eta 12:00etan angelusa errezatzeko ordua zelako». Horretaz gain, txalaparta eta dantzariekin «sarreratxo bat» egingo dutela ere aurreratu du Urkiolak, «baserri izaeran bizi izan diren adineko bi pertsona» aurrean direla.
Aurkezpenarekin jarraitzeko Morazak «liburua osatzeko egin duten lanketa» azalduko du. Azkenik, aste honetan kultur aretoan «garai hartako euskal jantzien erakusketa» dagoela gogorarazi du Urkiolak.
«Urteen poderioz gauzak aldatu egin dira. Garai batean etxebizitza osoko baserriak ziren asko, gaur egun bitan zatituta daude»
Aitor Urkiola. Olargi taldeko kidea
Aurkezpenaren ondoren liburua «etxe guztietara banatzeko asmoa» dute Olargikoek. Izan ere, «babesteko eta bizitzeko baserri bat eraiki zuten arbasoen omenez egin dugu proiektua».
Baserrien lanketa
Lanketa egiteko ideia «herrian Bengoetxe Txiki baserriaren inguruan egin zen hitzaldi batetik» atera zuten Olargikoek: «Foru Aldundiak baserri horren zutabe baten indusketa egin zuen, eta XV. mendean botatako egurrekin eginda zegoela ondorioztatu zen».
Liburuan agertzen diren lehenengo baserriak, 1500 urte inguruan eraikitakoak direla adierazi du Urkiolak. Horien artean daude, «Ertzille, Bengoetxe, Otsoategi, Urkiolazpi eta gehiago ere bai». Lanketan agertzen diren baserri berrienak berriz, XX. mende hasieran eraikitakoak dira. «Gaur egun desagertuta dauden baserri batzuk ere agertzen dira», gaineratu du.
Baserri bakoitzaren inguruan egin duten ikerketan «jatorrian, baserriko jabeetan eta arkitektonikoki eginda dagoen moduan» oinarritu direla esan du Urkiolak: «Urteen poderioz gauzak aldatu egin dira. Garai batean etxebizitza osoko baserriak ziren asko, gaur egun bitan zatituta daude».
Ikerketan baserrien «pasadizo edo istoriotxoak» sartzen ere ahalegindu direla azaldu du Urkiolak: «Baserri batzuk zorrak kitatzeko saldu ziren bere garaian. Horrelako pasarteak ere biltzen saiatu gara».













