Abiadura kontrolatzeko kanpaina egingo du Beasaingo Udaltzaingoak
Hurrengo astean abiaraziko du kanpaina. Hainbat gunetan neurketa gailuak eta radarrak jarriko dituzte.
Abiadura muga zehazten duen kartela Beasainen.Ariane Vierbücher Abiadura kontrolatzeko kanpaina egingo du Beasaingo Udaltzaingoak. Hurrengo astean abiaraziko du. Udalak helarazitako ohar baten bidez jakitera eman duenez, hainbat gunetan neurketa gailuak eta radarrak jarriko dituzte gidariek ezarritako mugak errespetatzen dituztela ziurtatzeko eta abiadura neurrigabeak identifikatzeko.
Arau-hausteak atzematen badituzte dagozkion zehapenak ezarriko direla adierazi dute. Udalak esan duenez, kanpaina horren helburu nagusia “pertsonen segurtasuna lehenestea” da. “Era berean, motor bidezko ibilgailuek izan ohi duten protagonismo tradizionala orekatu nahi da, oinezkoei, bizikletei eta mugikortasun pertsonaleko gailuei espazio seguruagoa eskainiz”.
Beasain 30 hiria gisa definituta dago; gehienezko abiadura orokorra 30 km/h-koa da hiri bideetan, baina galtzada eta espaloia plataforma bakarrean integratuta dauden eremuetan gehienezko abiadura 20 km/h-koa da.













