Autoa partekatzeko zerbitzuko flota handitu du udalak
Alokairu-tarifak %50 merkeagoak dira beste ibilgailuekin alderatuta.
Autoa partekatzeko zerbitzuko autoa, Gernika pasealekuko gunean.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak autoak partekatzeko zerbitzuko flota handitu du, ibilgailu berri batekin. Zzerbitzuak 3 urteko iraupena izango du, urtebete luzatzeko aukerarekin.
Azken urteetan zerbitzuak proba pilotu gisa funtzionatu ondoren, zerbitzua finkatzea eta luzatzea erabaki du udalak: “Ekimen honekin, herritarrei eta udal-langileei garraio publikoaren osagarri jasangarri, malgu eta ekonomiko bat eskaini nahi zaie, hauen bizi-kalitatea hobetzeko eta herriko trantsizio energetikoan sakontzeko”, zehaztu du.
Udalaren esanetan, aurrezpen ekonomikoa, ingurumena zaintzea, malgutasuna eta hiri-politiketan abantaila (ibilgailu horiek sarbide librea dute isurpen gutxiko eremuetara) eskaintzen du zerbitzuak.
Gernika pasealekuko aparkalekuan daude autoak eta karga puntuak. Gehitutako azken autoarekin, hiru dira guztira. 380 kilometroko autonomia eskaintzen du azken horrek, eta udalak azaldu duenez, “prestazio apalagoak ditu Beasainen dauden beste modeloekin alderatuta”. Alegia, alokairu-tarifak %50 merkeagoak dira beste ibilgailuekin alderatuta. “Prezio lehiakor horien helburua da gaur egun zerbitzua erabiltzen ez duten herritarrengana gerturatzea, auto partekatua probatu dezaten eta mugikortasun eredu hau Beasainen are gehiago errotu dadin”.
Alokairu bonuak erosten dituztenek %33ko beherapena izango dute ibilgailu guztien tarifetan.













