Gizon bat atxilotu dute Beasainen droga trafikoa leporatuta
Atzo arratsaldeko 16:15ean atxilotu zuten Beasaingo Salbatore auzoan, 14 gramo speedekin atzeman ondoren.
Ertzaintzak gaur zabaldu duenez, gizon bat atxilotu dute Beasainen droga trafikoa leporatuta. Substantzia sorgorgarriekin trafikatzea leporatu diote, 14 gramo speedekin atzeman ondoren. “Patruila bati susmagarria iruditu zitzaion auto batean zegoen atxilotuaren jarrera, eta bere gauzak miatu zizkiotenean aurkitu zuten droga”, azaldu du poliziak.
Atzo arratsaldeko 16:15ean atxilotu zuten Beasaingo Salbatore auzoan. Ertzainek ibilgailua eta gizonaren gauzak miatu zituzten, eta poltsa batean anfetamina sulfatoa edo speeda, 14 gramo inguru, zeuzkaten bi ontzi aurkitu zituzten, eta atxilotu egin zuten.
Atxilotuari droga-trafikoaren delitua leporatu zioten, eta ertzain-etxera eraman zuten. Horiek amaitu ondoren, aske utzi zuten, eta Agintaritza Judizialaren aurrera agertu beharko du deitzen dionean.













