Inoiz baino eskaintza zabalagoa Igartza Musika zikloko bigarren seihilekoan
Estilo askotako hamar proposamen prestatu dituzte aurtengo zikloaren bigarren zatirako Loinatz Udal Musika Eskolak eta udalak. Lehena uztailaren 4an da: iazko Igartza Musika bekaren irabazleen emanaldia.
Garazi Zabaleta Igartza Musika zikloko bigarren seihileko programaren aurkezpenean.Laida Goiburu Programa indartsu bat prestatu dute Loinatz Udal Musika Eskolak eta Beasaingo Udalak 2026ko Igartza Musika zikloko bigarren seihilekorako. Gaur egin dute programaren aurkezpena Igartzako jauregian Xabier Zeberio eta Garazi Zabaleta musika eskolako eta zikloaren arduradunek eta Adur Ugartemendia Beasaingo alkateordeak. Inoiz baino eskaintza zabalagoa izango da.
Ugartemendiak hartu du hitza aurrena. Haren esanetan, Igartza Musika zikloa lehen aldiz antolatu zutenetik 10 urte pasatu direnean, “pisu, heldutasun eta prestigioa” hartu du programak, eta “kalitateari eutsi zaiolako erreferentziazko ikus bilakatzea” lortu du. Udalarentzat “esfortzu handia” izan arren, “maila horri eusteko” ahalegina bideratuko dutela berretsi du, “kalitatezko kulturaren aldeko apustu irmoa” egite aldera: “Udaletik argi dugu musikaren funtzioa gizartean: herritarrak saretzeko tresna da, gure arteko harremanak estutzen ditu, elkarbizitza aberatsagoa bultzatzen du eta komunitate sendoago baten parte garela sentiarazten du, herri izaera indartzen du”.
Programak urtez urte lortu duen “prestigioa aniztasunean islatzen da” alkateordearen iritziz: “Denetarik eta denontzat dago”. Aniztasun hori Beasaingo hainbat espaziotara eramango dute zikloaren bitartez; hiru lekutan izango dira emanaldiak: Igartzako jauregian, Erauskin plazan eta Andre Mari Zeruratuaren parrokian. “Igartzako jauregiko dotorezia, Erauskin plazako hurbiltasuna eta herri bizitza eta Andre Mari Zeruratuaren parrokiako akustika bikainak emanaldi bakoitzari testuinguru paregabea eta magikoa eskainiko dio”.
Irekita joateko deia
Hitzartzea bukatzeko, programa osatzeko “zorroztasunagatik eta lan eskergagatik” eskerrak eman dizkie Ugartemendiak musika eskolako arduradunei, eta beasaindarrak eta goierritarrak deitu ditu parte hartzera.
Zeberiok eta Zabaletak programaren xehetasunak aletu dituzte ondoren banan-banan. Hamar proposamen dakartza. Horien kalitatea eta aniztasuna nabarmendu dituzte: “Oso-oso eklektikoa da, eta kalitatez benetan goi mailakoa”, esan du Zeberiok. “Ohi baino gauza dezente gehiago dago. Aukera suertatu da, eta gauza batzuk orain egiten genituen edo ez zegoen aukera hurrengoan egiteko aukera. Aprobetxatu behar zen eta pentsatu dugu merezi zuela esfortzuak”.
Publiko “hein handi batean fidela” du zikloak, eta arduradunen esanetan “sorpresa asko jaso” ditu, baita lehen seihilekoan ere. “Gauza oso-oso desberdinak proposatzen ditugulako. Kalitate bat dago bermatuta”. Bigarren zatirako ere “jendea irekita etor dadin” dei egin dute, “gauza oso bereziak ikusteko aukera izango delako”. Lehena uztailaren 4an da: iazko Igartza Musika bekaren irabazleen emanaldia.

2026ko Igartza Musika zikloko bigarren seihilekoko programa
- Uztailak 4 (19:00, Igartzako jauregian): Igartza Musika Bekaren irabazleen txanda izango da. Maria Slascheva (biolontxeloa), Noel Redolar (pianoa) eta Joseba Korta (pianoa) Musikene zentroko gazte talentudunek euren maisutasuna erakutsiko dute.
- Uztailak 5 (20:00, Erauskin plazan): Oreka TX boskote ezagunak Koklea proiektu arrakastatsua aurkeztuko du, natura, zientzia eta txalaparta garaikidea uztartzen dituen 70 minutuko ikuskizun indartsu eta bisualarekin. “25 urte luzeko ibilbidea duen taldea da, txalaparta, euskal musika… polita izango da beraien azken lana hemen aurkezten izatea”, zehaztu du Zeberiok.
- Abuztuak 1 (20:30, Erauskin plazan): Euskal herri-kantagintzaren eta rockaren erreferente handia den Ruper Ordorikak Lurra ukitu barik bere estudioko azken lan sakona taularatuko du Mugalariak taldearekin batera.
- Irailak 20 (19:00, Igartzako jauregian): Ganbera-musika ardatz hartuta, Pierné Trioak Maurice Ravel Ziburuko jeinu unibertsalaren euskal erroak eta folklorearen eragin sakona aldarrikatuko ditu emanaldi didaktiko batean.
- Urriak 18 (19:00, Igartzako jauregian): Nazioarteko abangoardia eszenaratuko da Trio Zukan (txistua, akordeoia eta perkusioa) eta Kanadako Quasar Saxophone Quartet (10 OPUS sari jaso dituen saxofoi laukotea) taldeen arteko elkarlan bereziarekin.
- Urriak 28 (19:30, Andre Mari Zeruratuaren parrokian): Alemaniatik etorritako Zwozwoeins abesbatzak Pizkundeko eta Barrokoko eliz-musika sakratua eta Europako herri-kantuak uztartuko ditu giza ahots hutsaren bidezko esperimentazioan.
- Azaroak 8 (19:00, Igartzako jauregian): FEMMM ahots-laborategiak pop eta jazz doinuen koktel fresko, dotore eta aldarrikatzailea dakar, Musikenen hazitako lau emakume gaztek gidatuta. “Haiek dira Maider Biguri, Danae Riaño, Nahia Valle eta Alazne Lopez, eta zuzenekoa hainbat musikarirekin egiten dute: Daniel lopez pianoan, Kristina Pascual baxuan eta Iker Hernandez baterian”, xehatu du Zabaletak.
- Azaroak 28 (egun osoan, Igartzako jauregian): Igartza Musika Beka sariaren entzunaldiak burutuko dira, Musikeneko ikasleen musika sorkuntza eta interpretazioa bultzatzeko. “Egun oson zehar da. Goi mailakoak dira, talentu handia eta instrumentu asko ezagutzeko aukera ematen du. Epaimahaiarentzat zaila, baina ikusleentzat oso interesgarria”, dei egin du Zabaletak.
- Abenduak 13 (19:00, Andre Mari Zeruratuaren parrokian): KEA ahots-talde profesionalak –Zeberioren hitzetan, Euskal Herriko erreferente bat”–, Enrique Azurzak zuzenduta, eta nazioarteko ospea duen Marco Socias gitarra-jotzaileak indarrak batuko dituzte Bihotz bat egitasmoan, Pablo Sorozabalen ondarea gogoratzeko.
- Abenduak 27 (19:00, Igartzako jauregian): Zikloa borobiltzeko, 2026ko FestClásica-ko talde emergente izendatutako Kambrass Quintet metal boskoteak eta Paula Belzunegui pianistak Pianissimo proiektua eskainiko dute, Garazi Zabaletaren Oxímoron obra barne. Donostiako Hamabostaldian aurkeztu zen Oxímoron, eta abenduan Beasainen entzuteko aukera izango da.













