Narratiba pedagogiko inklusiboen bigarren jardunaldia egingo dute gaur Ordizian
18:00etatik 20:00etara bitartean egingo da, Barrena jauregian. Ikerketa talde ezberdinek elkarlanean abiarazitako prozesuaren emaitza da, eta Ordiziako Urdaneta eskolan kokatzen da.
2024n Ordizian egin zen Euskal Eskola Publikoaren jaiaren irudia.Hitza Ordiziak hausnarketarako eta ezagutza partekatzeko gune bihurtuko du gaur Barrena jauregia, narratiba pedagogiko inklusiboen jardunaldiaren bigarren edizioan. 18:00etatik 20:00etara bitartean egingo da, Eskolatik azokara. Euskara eta kulturartekotasuna lelopean, eta herritar guztiei irekita egongo da.
Ekimenaren atzean dagoen lanaren berri eman du Esti Amenabarrok, EHUko Inkluni ikerketa taldeko ordezkariak. Azaldu duenez, jardunaldia azken urteotan garatutako ikerketa proiektu baten emaitza da. Proiektua Urdaneta Herri ikastetxean garatu dute, kulturartekotasuna eta euskara ardatz hartuta. EHUko Inkluni taldeak, UNEDeko Inter taldeak eta Castelloko Jaume I unibertsitateko Meicri taldeek ondu dute, lankidetzan.
Ezagutza komunitarioa
2024az geroztik garatzen ari dira, eta ustez, proiektua «askotariko arrazoiak» medio jarri zuten martxan Amenabarroren esanetan: «Eskolak eta unibertsitateak elkarrekin lan egiteko zuten beharragatik, EHUk eskola publikoarekin daukan konpromisoagatik, narratiba pedagogiko inklusiboak zein kulturartekotasuna lantzeko beharragatik eta kultura ezberdinen arteko bizikidetza garatzeko beharragatik ekin genion».
Bada, helburua da gizarte eta hezkuntza eraldaketarako praktika inklusibo eta bidezkoen inguruko ezagutza komunitarioa handitzea. Horretarako, narratiba pedagogikoa tresna nagusi gisa baliatu dute, hezkuntza zentroekin elkarlanean praktikak diseinatu, garatu eta aztertuta.
Prozesu osoa Ikerketa-Ekintza Parte-hartzailearen metodologiaren bidez gauzatzeaz gain, emaitza gisa, ikerketa talde guztiek narratiba pedagogiko inklusiboak sortzeko protokoloa garatzea lortu dute. “Kultura ezberdinen eta euskararen bizikidetza horretan sortzen diren narratibak, kontakizunak eta errelatoak jasotzeko ondu dugu dokumentazio pedagogikoa”, dio Amenabarrok.
Narratiben garrantzia ere azpimarratu du: “Narratibek balio dute eskolako agenteek (kasu honetan, ikasleak, irakasleak eta familiak) eskola prozesua nola bizi edo esperimentatzen duten aztertzeko, ikuspegi inklusibotik, alegia. Hori izan da gure ikerketa taldearentzako garrantzitsuena”.
Ordezkarietako batzuk
Ikerketa taldeetako ordezkari bana izango da jardunaldiaren harrera ekitaldian: EHUko Nagore Ozerinjauregi, Castelloko Maria Lozano eta Odet Moliner, UNEDeko Belen Ballesteros, Ordiziako alkatea eta Urdanetako zuzendaria. Proiektuaren garrantziaz jardungo dira denak, eta ondoren zabalduko dute Manual Thinking metodologia oinarri duen ariketa parte-hartzailea egiteko tartea.
Jarraian, 19:00etan, Workshop saioari ekingo diote eta itxiera borobila emateko, berriz, Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak eta Pello Ramirez musikariak narrazio musikatuak eskainiko dituzte.













