Santa Ana jaietako pregoilaria proposatzeko epea zabaldu du udalak
Ekainaren 24ra arte izango dute herritarrek proposamenak egiteko aukera. Azari elkartearekin, Txindoki Atletismo taldearekin eta Boxing elkartearekin batera botako du pregoia hautatua izaten denak.
Erramun Amundarainek (mantalarekin) eta Larrunarri kantu taldekoek bota dute txupinazo nagusia.Loinaz Agirre. Ordiziako Santa Ana jaiak badatoz, eta dagoeneko prestaketa lanetan murgilduta dira ordiziarrak. Iaz hasitako dinamikari jarraituta, dagoeneko jai hasierako pregoia irakurriko duen hautagaia proposatzeko epea zabaldu du udalak. Hala, herritarrek aukeratu ahal izango dute Azari elkartearekin, Txindoki Atletismo taldearekin eta Boxing elkartearekin batera txupinazoa beste zein pertsona edo elkartek botako duen; urteurrena ospatzen ari diren elkarteei aitortza egiteaz gain, herritarrei ere esanguratsua izan den pertsona edo elkarte bat proposatzeko aukera emango zaie.
Hilaren 24ra bitartean aurkeztu ahal izango dira proposamenak, ondorengo bideetatik: komunikazioa@ordizia.eus, WhatsApp bidez 688 817 583 edota Barrena jauregiaren sarreran jarrita dagoen kutxan idatzita. Hautagaiaren izena eta arrazoiak aurkeztu beharko dira, eta hurrengo egunean emango du udalak hautatuen berri. Bozka herrikoiaren txanda izango da gero, eta bide beretik eman beharko dira, pertsona bakoitzeko bana. Uztaila hasieran jakinaraziko da nor izango den protagonista.












