Lurralde Oreka Berdea departamentuko langileen protesta Ordizian
Lurraldeko landa eremuaren, mendien eta naturaren kudeaketa herritarrei zuzenean eman beharreko zerbitzu publikoa dela aldarrikatzeko mobilizazioak egin dituzte Gipuzkoako zazpi herritan, tartean Ordizian.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko langileek mobilizazioak egin dituzte maiatza eta ekainean zehar, lurraldeko landa eremuaren, mendien eta naturaren kudeaketa herritarrei zuzenean eman beharreko zerbitzu publikoa dela aldarrikatzeko. Gipuzkoako herri ezberdinetan mobilizatu dira; Goierrin ere bai, Ordizian, eta zerbitzu publiko sendo, eraginkor eta gardena nahi dutela jendarteratu dute: “Soilik baliabide publikoak indartuz, langileak behar bezala hornituz eta kudeaketa zuzena administrazioaren esku mantenduta lor daiteke hori”.
Lurralde Oreka Berdeko Departamentuaren azken urteetako bilakaeraren berri ere eman dute langileek, hedabideetara bidalitako oharrean: “Urtez urte ahultzen joan da. Langile publikoen kopurua murriztu den bitartean, funtzioak eta ardura gero eta handiagoak dira”. Egoera hori, kasualitatea ez dela aldarrikatu dute: “Administrazioaren egitura ahultzen den heinean, inguruan sortu diren fundazio eta erakunde sasi-publikoek gero eta pisu handiagoa hartu dute, administrazio paralelo baten modura jokatzeraino”.
Eskakizunak plazaratuta
Horrek guztiak dakartzan lau ondorio azpimarratu dituzte: zerbitzu publikoaren kalitatea arriskuan jartzea; gardentasuna galtzea, erabakiak herritarren kontrol demokratikotik urruntzen direlako; departamentuko barne finantziazioa murrizten den bitartean, diru publikoa kanpora bideratzea; eta pribatizazio prozesu ezkutua indartzea.
Horren aurrean eta zerbitzu publiko sendo, eraginkor eta gardena lortzera bidean, eskakizun batzuk plazaratu dituzte: departamentua indartzea, langile publikoen egitura eta baliabidea berreskuratzea, fundazio eta administrazio paraleloen bidezko pribatizazioari amaiera ematea, eta herritarren interesak lehenestea.













