Otegienea-Majoriko auzotarrak festarako prest
Gaur hasi eta San Joan bezperako suarekin amaituko dira jaiak Otegienea-Majorin. Nerea tabernak botako du jaien hasierako txupina.
Ordizia Koloreko kideek jaurti zuten iaz jaien hasierako txupinazoa. Hitza Ordiziako Otegienea-Majori auzoko bizilagunek dena prest dute aurtengo San Joan jaiak ospatzeko. Gaur hasi eta asteartera arte luzatuko den egitarau oparoak musika, ikuskizunak, txapelketak, dantzaldiak eta tradiziozko ekitaldiak uztartuko ditu. Jaiak San Joan bezperako suarekin amaituko dira.
Gaur arratsaldeko 18:00etan lehertuko du festak, jaien hasierako txupina jaurtita. Jai batzordeak Nerea tabernari aitortza egitea erabaki du aurtengoan, «Maria Luisaren omenez eta auzoarentzako egindako guztia eskertzeko». Hala, tabernako kideak arduratuko dira pregoiaz. Une horretatik aurrera, buruhandi eta erraldoiek hartuko dituzte auzoko kaleak, txistu eta danbolin doinuek lagunduta. Arratsaldean zehar ere, auzotarrek prestatutako pintxo sorta zabalaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Gaueko ekitaldiek ere ez dute hutsik egingo. 22:00etan suzko zezena aterako dute. Ondoren, haurrek karaoke saioan parte hartu ahal izango dute, eta gaueko programazioari jarraipena emango diote Gelksys taldearen kontzertuak eta BarrioVision karaokeak. Musikak, kantuak eta dantzak hartuko dute protagonismoa lehen jai gauari amaiera emateko.
Ekitaldiak asteartera arte
Bihar ere ekitaldi ugari izango dira. Goizean, 11:00etan, haurrek marrazki tailerrean parte hartu ahal izango dute, eta 12:00etan, Urdaneta taldeak ohiko dantza saioa eskainiko du. Eguerdian bazkari herrikoia egingo da, eta ondoren, bingo saioa izango da.
Arratsaldean, XV. Mus Txapelketa jokatuko da, eta buruhandi eta erraldoien kalejirez gain, Soulanders taldeak jarriko du musika eta giroa iluntzera arte. Gauean, mozorro festa ospatuko dute, eta Boost taldearen kontzertuak zein DJ sorpresa batek emango diote amaiera egunari.
Igandea lehiaketen inguruan antolatuko da. 12:30ean XVII. Patata Tortilla lehiaketa egingo da, eta 16:00etan Toka lehiaketa. Horrez gain, goizean aurpegi margoketa saioak izango dira, arratsaldean magia ikuskizuna, eta gauean sevillana dantzaldia.
Jaiak asteartean amaituko dira, San Joan bezperan. Arratsaldetik aurrera hainbat ekitaldi izango dira, tartean 19:00etan egingo den ohiko sardina jana. Burrunbazale txarangak girotuko du arratsaldea, eta gauean piztuko den San Joan bezperako suak emango dio amaiera aurtengo jai egitarauari.













