Pirinioak parapentean
X-Pyr lasterketan parte hartuko du Mattin Iñiguez zegamarrak. Igandean hasiko da Hondarribian, eta Gironan amaitu.
Mattin Iñiguez parapentelari zegamarrak igandean Hondarribian hasiko den X-Pyr lasterketan parte hartuko du. Aste beteko epean Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa lotuko dituen 528 kilometroko ibilbidea osatu beharko du, Pirinioetako mendikatea zeharkatuz. Korrikan eta hegan mugitu beharko da, erresistentzia fisikoa, estrategia eta hegan egiteko gaitasuna uztartzen dituen muturreko proba honetan. Lasterketa Port de la Selvan (Girona, Herrialde Katalanak) amaituko da.
Iaz, Alpeetan Red Bull X-Alps lasterketan parte hartu ondotik, zaildua dago zegamarra mota honetako lasterketetan. Hain zuzen, proba honen gerizpean sortu zen X-Pyr 2012an, hike & fly modalitateko proba handien kontzeptua Pirinioetara gerturatzeko helburuarekin. Ordutik, bi urtez behin ospatzen da eta dagoeneko, bere zazpigarren edizio honetan, kirol mota honetako lasterketa garrantzitsuenetako bat bihurtu da mundu mailan.
Anaia zaharragoarekin alderatuta X-Pyr motzagoa da iraupenari eta distantziari dagokionean, baina horrek ez du esan nahi errazagoa izango denik. Ibilbideak Pirinioetako iparraldeko eta hegoaldeko isurialdeko zatiak tartekatuko ditu eta Aneto edo Pic du Midi bezalako toki ezagunetatik pasatuko da. Gainditu beharreko lehendabiziko koska etxetik gertu izango du, ordea, Iñiguezek: Larrungo hegaldia. «Lasterketa mota hauek eguraldiak baldintzatzen ditu erabat. Lehenengo egunetan bero zakarra izango dugu. Hego haizea nagusituko da; eta lehenengo aldia izango da Larrunetik hego haizearekin irtengo garena lasterketaren historian», esan du.
Eguraldiak baldintzatuta
Pirinioetako hegoaldera ahalik eta azkarren iristea izango da estrategia nagusietako bat, «baldintza hobeak ematen direlako hor hegan egiteko». Eguraldiak laguntzen badu, ibilbidearen tarterik handiena hegan egitea da beste helburuetako bat. Ibilbidearen une zailenetako bat helmugatik gertu ere izango du: «Mediterraneotik haizea indartsu sartzen da ekialdetik eta haizearen kontra hegan egitea asko kostatzen da».
«Mediterraneotik haizea indartsu sartzen da ekialdetik eta haizearen kontra hegan egitea asko kostatzen da»
Mattin Iñiguez. Parapentelaria
Gogotsu dago abentura berri honi ekiteko, «fisikoki agian ez nago iaz bezain indartsu. X-Alps-ean izan nituen lesioen ondorioz, ez dut nahi beste entrenatzerik izan. Baina hegan nahikoa egin dut eta motibatuta nago».
Bera da lasterketan aurpegia jarriko duena, baina atzean dagoen taldearen lana ere ezinbestekoa da helmugara iristeko: “ezinbestekoa da, bestela ezingo genuke horrelako lasterketatan parte hartu. Ni naiz aurpegia ematen duena baina ekipo denak parte hartzen du; bakoitzak betetzen duen funtzioa oso garrantzitsua da. Denon artean lortzen dugun zerbait izango da”. Nerea Beltran de Heredia, Bittor Barquero, Marta Soto eta Alejo Louro izango ditu lagun oraingo honetan.
X-Pyr lasterketaren 7. edizio hau inoizko parte hartze handienarekin jokatuko da. 50 kirolarik hartuko dute parte, horietatik 5 emakumezkoak «nobedadea da, maila honetako lasterketa batean inoiz ez delako horrenbeste emakumeren parte hartzerik egon. Hori ona da gure kirolarentzat», amaitu du.













